gizarteEsparruan Berdintasuna lantzeko tresna, baliabide eta estrategiak izango dira hizpide, besteak beste

Ordiziako II. Berdintasun plana garatzeko parte hartze prozesuaren testuinguruan, hirugarren lan-taldearekin, hau da, Gizarte Gaien esparruko profesional eta eragileekin bilera-tailerra egingo da datorren astelehenean hilak 29, Barrenan (7.gela), 18:30ean. Honakoa alor horretako eragileekin egingo den lehen bilera izango da, baina beste bi egiteko asmoa dago, datozen hilabetetan.

Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileen profila aztertzea nahikoa litzateke ikusteko emakumeek emakume izateagatik aparteko diskriminazio egoera jasaten dutela eta ondorioz, baztertze arriskua areagotu egiten dela andreen kasuan. Errealitate horretan eragiten duten faktoreak askotarikoak dira: lan-baldintza kaskarragoak, rol banaketa eta nagusiki andreen esku dauden zaintzarako eta bizi-iraupenerako lanak, besteak beste. Izan ere, sexua (generoa) oso kontuan hartu beharreko aldagaia da bazterketaz hitz egiterakoan. Hori guztia dela eta, Berdintasun Sailetik lehentasunezkoa iruditzen zaigu esparru horretan egiten den lana eta horren izaera integrala bultzatzea.

Ildo horretatik, plana egiteko orduan, ezinbestekotzat jotzen dugu gizarte gaietan ari diren talde eta kolektiboekin elkarlanean jardutea, izan ere, horiek gertutik ezagutzen dituzte bazterketa egoeren aurpegiak eta ondotxo dakite halako egoerak sufritzen dituztenen artean asko eta asko emakumeak direla. Gauzak horrela, II. Berdintasun Plana egiteko prozesu honetan garrantzi handikoa da errealitate horretaz jabetu eta bazterketa prebenitzeko estrategiak zein baliabideak denen artean eztabaidatu eta zehaztea.

Zer landuko da bilera horietan?
Prestakuntza, hausnarketa eta erabakiak hartzea uztartuko dira. Honako lanketa egingo da:

  • Berdintasuna gizarte gaietan diogunean zertaz ari gara?
  • Zer egin daiteke eremu honetan berdintasunaren inguruan lan egiteko? Kontuan hartzea garrantzitsuak diren aspektuak.
  • Gizarte gaiez gain, berdintasunaren arloan Ordizian zer egiten den ezagutaraztea.
  • Eragile desberdineko taldeen arteko koordinazioa.
  • Aurrera eramateko ekintza posibleak eta hauen bideragarritasuna.
  • Hurrengo urteetan egiteko konpromisoak hartzea.
  •  Behin plana martxan jarrita, jarraipenerako egituren inguruko lanketa.