Gure herrian uztailaren 25etik 26rako gauean eraso matxista bat gertatu zela jakin dugu, eta eraso horren aurrean informazioa biltzen dihardugu.

Une honetan, inplikatutako pertsonen eta beren familiako kideen nortasuna babesteko zuhurtasunez jokatzea funtsezkoa dela iruditzen zaigu, hala eta guztiz ere, honakoa jakinarazi nahi dugu:

1. Ordiziako Udalak irmotasunez baztertzen ditu, eta baztertuko ditu, eraso matxista guztiak, eta indarkeria matxista jasan duenari arreta eta babesa emateko jardungo du beti. Arreta horrek lehentasuna ematen dio indarkeria jasan duenaren egoera emozionalari eta fisikoari, arriskuak baloratzeari, hartzen duen erabakia errespetatzeari, eta laguntzen zaiola bermatzeari.

2. Gertaeraren berri izan dugunetik Udal-sailak lanean ari dira Udalaz gaindiko beste erakunde eta eragile sozial batzuekin batera, lehentasunez erasoa jaso duenari beharrezko arreta emateko, informazioa egiaztatzeko, kasuaren ahalik eta ikuspegi osoena eta ziurrena izateko, eta eraso matxisten aurkako erantzun instituzional irmoa emateko.

3. Halaber, Gizarte Zerbitzuek eskura dituzten informazio eta baliabide guztiak jarri dituzte martxan lehentasunezko arreta eskaintzeko (psikologikoak, juridikoak, sanitarioak eta babesekoak).

Eraso matxisten aurrean isilik egoteak konplize egiten gaitu. Horregatik, Ordiziako Udalak dei egiten die adin guztietako ordiziarrei, edozein unetan eraso matxistaren baten lekuko izanez gero, erasoa jasan duen pertsona babestu dezaten eta laguntza eskaini diezaioten.

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko telefonoa 900 840 111 da.

Ordiziako Udala uneoro indarkeria matxista jasan duen pertsonaren eta bere familiaren alboan izango da, beti, eta dituen baliabide guztiak jarriko ditu martxan erasoa jasan duena babesteko.

Erasotzaileei berriz, ez ditugula inondik inora horrelako jarrerak onartuko, eta gure esku dagoen guztian egingo dugula justiziaren aurrean jartzeko, eta horrelakoak errepika ez daitezen gure eskura dauden neurri guztiak hartuko ditugula.