Ordiziako Udalak ekimen guztietan genero ikuspegia txertatzeko Ordiziako Mapa Morea osatzeko prozesua hasi du, parte hartze prozesu bidez. Gainera, zaharkituta geratu den Irisgarritasun Planaren barnean txertatuko da. Orain, online galdetegia jarriko da martxan, uztailaren 16a bitartean.

Segurtasuna, babesa, irisgarritasuna, mugikortasuna, ongizatea, elkarbizitza, erreprodukzio-lana eta presentziari lotutako gaien inguruan iritzia emateko aukera izango dute ordiziarrek. 5 minutu baino gutxiagoko galdetegia da.

Orain arte prozesuak bere bidea egin du. Joan den bi asteetan bilera irekiak egin dira, eta parte hartu duten herritarrek gaur egun Ordiziak dituen ezaugarri negatiboak identifikatzeko lau ardatz aztertuko dituzte, batez ere:

  • Segurtasuna, erasoen eta mehatxuen aurrean.
  • Babesa, kalte eta arriskuen aurrean, batez ere trafikoak eragindakoak.
  • Irisgarritasun unibertsala.
  • Oinezko eta bizikletazko mugikortasuna, eta garraio publikoa.

Horrez gain, begirada positiboa lantzeko beste lau ardatz aztertu dira.

  • Ongizate eta osasun
  • Elkarbizitza, ongizate komunitarioa.
  • Lan erreproduktiboa, zaintza eta kontziliazioa.
  • Presentzia, emakumeen adierazgarritasun erreal eta sinbolikoa.

Mapa Morearen helburua herriaren ahalik eta argazki osatuena lortzea da, dauden gabeziak eta indarguneak identifikatuz, betiere, genero ikuspegia ardatz izanik. Edonola ere, genero ikuspegiaren planteamendu negatibo hutsak gainditu nahi dira, emakumeei segurtasun gabezia eragiten dieten espazioak identifikatze hutsetik harago begiratuz. Nork erabiltzen du espazio publikoa, eta nola? Nor da espazio publikoa oinez erabiltzen duena? Zertarako erabiltzen da espazio publikoa? Galdera horiei genero ikuspegitik ez erantzutea tranpa egitea da, erabilera horiek erabat feminizatuta dauden zaintza lanekin erabat uztartuta daudelako, eta autoaren erabileran ere, gehiengoa gizonezkoek osatzen dutelako. Horregatik, ezin gara irisgarritasunaren benetako azterketa eraginkor bat egitera iritsi ez baldin bagara genero ikuspegitik abiatzen.

Projekta Urbes enpresak garatuko du proiektua, bai Mapa Morea, eta baita ondoren etorriko den Irisgarritasun Planaren berrikuspena ere. Horretarako udalerriaren diagnostikoa egingo dute herritarrek, baina baita Udaleko langile eta teknikariek ere.