Ordiziako Udalak “kezkatuta” ikusten du nola gizarteak markatutako bide heteropatrialkaletik hurrentzen diren errealiteak etengabe zalantzan jartzen diren. Ikuspegi bakarra gailendu nahi den honetan, “udaberriko loreak hamaika direla adierazi nahi dugu Trans ikusgaitasun eguna den honetan”. Bide horretatik, Udaberria Transloratzen zikloa sortu du Udalak, eta horren baitan errealitate horiek aintzat hartu eta jendartean dagokien ikusgaitasuna ematea izango du helburu.

“Ziklo honen bitartez, haur eta gazte transexualen errealitatera gerturatzen saiatuko gara”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Adin tarte guztietara iristen saiatu direla agertu du, “helduon sentsibilizazioa garrantzitsua baita, baina, ezinbestekoa da haur eta gazteengan eragitea, errealitatea anitza dela eta aniztasun hori aberasgarria dela ikusaraztea, benetan garrantzitsua denaren konbentzimendua baitugu”.

Aurrez emandako urratsak ere aipatu ditu Ezenarrok: “Legegintzaldi hasieratik egon gara harremanetan Naizen elkartearekin, eta Ekaitz Goikoetxearekin bereziki. Iazko Udaberrian gure herrira iristeko zailak diren ikuspegiak ekarri genituen Zinegoaken bitartez, eta aurtengoan, ekintza bakarraren ordez, emanaldi horrek emango dio hasiera ziklo osoari”.

Programa zabala

Ziklo berri honek eskaintza zabala jarriko du mahai gainean. Hala nola, haurrei dagokienez, LHko haurrentzat neskak eta mutilak tailerra eskainiko da Aitzole Aranetaren eskutik, modu dinamiko batean haurrekin gaian sakontzeko eta txikienentzat, beraien neurrira diseinatutako ekintzak proposatzea garrantzitsua dela pentsatzen dutela azaldu dute Udaletik. Bide horretan, gaia ipuin kontaketa baten bitartez gerturatuko dela aurreratu dute: Transakziorako ipuinak izenburupean, Apika taldearen eskutik.

Gazteenekin gaia lantzeko, ikastetxeetan Transformatzen dokumentala ikusteko aukera izango dute, eta ondoren, geletan landu eta dokumental horixe bera izango da maiatzaren 5ean Herri Antzokian eskainiko dena, modu irekian, eta solasaldiaren ondoren, Bea Sever sexologarekin, Ekaitz Goikoetxea dokumentalaren zuzendariarekin, eta Naizen elkarteko herriko familia baten parte-hatzearekin.

Horrez gain, Moio liburuaren aurkezpena burutuko da, martxoaren 21ean Kattalin Minerren eskutik, liburu horretan transexualitatearen gaia nerabezaro garaian lantzen da, Hernanin garai bat markatu zuen Aimar, Moioren kasua ardatz hartuta.

Transitos liburuaren solasaldi dinamikoa izango da Ekaitz Goikoetxea eta liburuaren egilea den Aingeru Mayorrekin, maiatzaren 12ean liburu horretan familia ezberdinen testigantzak jasotzen dira, eta Ekaitz eta Aingeruk ibilbide berezi bat burutzeko aukera emango digute.

Zikloaren amaieran, Maiatzaren 3-14 bitarte Josu Marotoren Balio Erantzia erakusketa izango da ikusgai Barrena Aretoan. Eta Maiatzaren 4an bisita gidatua egingo da Josu koadroen egilearekin eta Ekaitz Goikoetxearen hitzekin.

Ikusgaitasuna, egunero

“Gaur transexualitatearen ikusgaitasunaren nazioarteko eguna da, baina, ez dugu nahi hau egun bakar batean geratzea”, nabarmendu du alkateak. Horregatik, dei egin die herritarrei eta gonbita luzatu ziklo honetako ekintzetan parte hartzeko. “Esan bezala gure gizartearen isla diren errealitateak landuko baititugu, eta askotan arrotza eta ezezaguna egiten zaigun errealitate bati gerturatzeko aukera eman nahi dugu, gure herrian dagoeneko izan baditugun errealitateak direlako. Gizarteak markatu dizkigun zenbait arau desikasi eta herri kontzientzia sortzeko asmoz. Gaur hasi eta hemendik aurrera gurekin geratuko diren sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak bultzatuz”, amaitu du.

Udaberria Transloratzen programa