Herriko emakume guztiei zuzendutako espazioa Torrea etxean kokatzen da eta egitarau oparoa eskainiko du

Ordiziako Udalak berdintasunaren aldeko urrats sendoak ematen jarraitzen du. Horren adibide da, datorren martxoaren 3an, inauguratuko den Jabekuntza Eskola.

“Ordiziako Udaletik konpromiso sendoa daukagu gizartean gizon eta emakumeen arteko ezberditasunak ezabatuko dituen politiken sustapenean”, zehaztu du Ainhoa Jimenez, Berdintasun zinegotziak. Horretarako ildo estrategiko ezberdinen lanketan dihardu Udalak.

“Jabekuntza Eskola herriko emakume guztiontzat zabalik egongo den gune segurua izatea nahi dugu. Emakumeok sortu eta diseinatua eta emakumeok dinamizatu eta egituratuko duguna. Ez da ikasketa gune soil bat, hori baino askoz gehiago da, uosoan zehar emakumeok pairatzen ditugun desoreka sozialen kontzientzia hartzeko gunea da, hartu emanerako gune bat, non emakumeok enpoderatzeko tresnak geureganatzeko, esperientziak trukatzeko bide ezberdinak proposatuko diren”, gehitu du aurkezpenean zinegotziak.

“Ilusio handiz” aurkezten den proiektua da, berdintasunaren bidean gune hau “ezinbestekotzat” jotzen baita eta gure herriko errealitatera egokitutako programa zabala gauzatu da horregatik.

“Horretarako ez gara bakarrik egon eta ez gara bakarrik egongo. Arlo honetan esperientzia eta ezagutza handiko bidelagunak izan baititugu. Proiektuaren diseinu eta garapenean aholkularitza profesionala jaso dugu eta Eihera kooperatibako Kattalin Miner eta Laura Muelasekin diseinatutako programazioa sortu dugu. Aurreratzean ere eurak izango dira Jabekuntza eskolako aholkularitzan gure alboan izango direnak”, zehaztu du.

Herrian espazio fisiko bat ere egokitu da emakumeon elkargune bilaka dadin, leku estrategikoan kokatua dago, herrian bertan, emakumeok gure gizarteko kide aktibo bezala identifikatuak izan gaitezen. Torrea eraikinean kokatzen da, eta sarrera Juan de Amezketatik izango du. Martxoan hasi eta Irailera arte aurrera eramango den programaketa anitza eskainiko da. Saio guztiek edukiera mugatua izango dute, eta 18:00etan egingo dira, D´elikatuz zentroan. “Ordiziako emakume guztiak gonbidatzen ditugu ekimenarekin bat egiteko. Zona segurua izango da berdintasunaren gaiak askatasun osoz landu ahal izateko”, gehitu du Jimenezek.

Ekintza hauek guztiak antolatzeko garaian, duela hilabete batzuk herriko emakumeekin burututako bilera ireki batean jasotako proposamenetatik abiatu direla zehaztu du Jimenezek. “Eiherarekin elkarlanean, Ordiziarako sortutako ekintzak eskaintzen saiatu gara, gure herriko errealitatera egokitutakoak eta gure herriko emakumeon interes eta eskaerak lehen mailan jarriz”.

Jabekuntza Eskola programa