PHOTO 2020 03 07 10 53 29

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste.

Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.

Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

  • Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan;
  • Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;
  • Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;
  • Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;
  • Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.

Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Ordiziako Udalak konpromiso irmoa adierazi nahi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.

Toki-eremuan berdintasunean aurrera egiteko honako konpromisoak hartzen ditugu:

  • Udalaren zer egin guztietan Berdintasun printzipioa txertatzen dela bermatzea
  • Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko. Diagnostiko horretan oinarrituta politika sektoriala guztiak egokitzea.
  • Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunari atxikitzea, eta Gutunean zehaztutako konpromisoak aplikatzea bere lurraldean.
  • Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra edukitzeko eta indartzeko urratsak egitea, toki-mailan edo beste udalerri batzuekin elkartuta.
  • Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Tokiko Ekintza Plana garatzea, III. Berdintasunerako plana sortzea prozesu parte hartzaile baten bidez; eta haren eragina ebaluatzea eta emaitzen berri ematea.
  • Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
  • Indarkeria matxistaren arretarako eta prebentziorako Tokiko Koordinazio Protokoloa garatzea.
  • Tokiko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.
  • Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzea eta udal jarduera osoan genero ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
    • Zaintza lanak bizitza eta pertsonen ongizatea mantentzeko ezinbesteko ondasun komun gisa aitortzea, bai eta sistema sozio-ekonomiko osoaren oinarria den ugalketa-ekonomiaren funtsezko ardatz gisa ere.
    • Zaintza lanak demokratizatzeko plan bat egitea eta abian jartzea, udalerriko gizarte-eragileekin batera, zainketen arloari lotutako elkarte-ehunarekin, eta arreta berezia jarriz sektoreko langileen parte-hartzean.
    • Gizarte-ekonomiari eta ekonomia solidarioari lotutako ekimen ekonomikoak bultzatu eta sustatzea, bai eta bizitzaren jasangarritasunean oinarritutako garapen-eredu baterantz igarotzea ahalbidetzen duten sektore iraunkor eta desiragarriak ere.
  • Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.
  • 30.000 euroko aurrekontu-partida urtero sortzea, emakumeen ahalduntzera bideratua, eta udalerrian emakumearen etxea sortzeko eta irekitzeko azken xedea eta helburua duena, bai eta gune horien eskualde-mailako sareak ere, eta, aldi berean, haren kudeaketan erabiltzaileen erantzunkidetasuna erraztea eta haien independentzia eta askatasuna sustatzea.
  • Toki-mailan, emakumeen erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe komunikatzeko espazioak antolatzea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
  • Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarean – Berdinsarea – aktiboki parte hartzea . Sare horren helburua da indarrak batzea eta tokiko gobernuek elkarrekin jardutea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak, programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten, eta udalbatza osatzen duten zinegotziek erabakitzen dute Otsaileko osoko bilkuragatik dagokien ordainsaria M8 mugimenduari dohaintzan ematea.