Udaletxeko arkupean elkartzeko data urriaren 26ra azeratu da

2018ko Emakumeen indarkeriaren aurkako kanpainaren testuinguruan (Azaroak 25 Nazioarteko Eguna), Matazak indarkeria sexistaren aurka proiektuarekin bat egiten du Ordiziak. Datorren ostiralean 18:00etan udaletxeko arkupeetan elkartuko dira parte hartuko dutenek elkarrekin ehuntzeko, eta kanpainarekin bat egiteko deialdia egin dute Jose Miguel Santamaria alkateak, Kristina Altuna Berdintasun arloko teknikariak eta hainbat eragileek.

Duela lau urte baino gehiago  Mataza proiektua jaio zen Astigarragan. Emakume talde bat puntua egiten hasi zen eta eguneroko ekintza honetatik abiatuta indarkeria sexista errotik ezabatzea aldarrikatzeko modua aurkitu zuten. Horrela abian jarri zen sarea, denboran iraunkorra izan zedin, emakumeen artean ahizpatasuna bultzazuz, eta indarkeria matxistaren aurka gizonen jarrera aktiboak ere sustatuz.  Mundu osoan zehar ari da zabaltzen proiektua, “nahikoa da!” oihua bazter guztietara iritsiz.

Lazo kolektiboa ‘nahikoa’ dela aldarrikatzeko

Ordiziar guztien artean LAZO KOLEKTIBO HANDIA osatzea da ekintza, alegia, pieza artistiko hori emakume, gizon, edozein adin eta jatorriko pertsonen artean eratzea. Eta, aldi berean, ‘emakumeok jasaten dugun indarkeria sexistari buruzko  hausnarketa-guneak sustatzea: zer den indarkeria matxista, nola adierazten den, zer eragina duen guregan. Denon artean solasaldiak egin,  gero eta kolektibo gehiagorengana iritsiz eta jarrera aktiboak sustatuz “nahikoa da!” aldarrikatzeko’, esan du Altunak.

Bufanda osatzen duen zati bakoitzak  falta diren emakumeak  islatzen ditu, zati bakoitza izen bat da, lapurtutako bizi bat, oihu bat: nahikoa da! Horrela, puntua egitea ekintzailetasuna eta ahizpatasuna  bihurtzen da. Baina ez dira hariak bakarrik ehunduko, baizik eta baita hitzak ere. Eta hitz horiek mezu bilakatzen dira, eta mezu horiek isiltasuna apurtzen dute eta beste pertsona batzuekin elkar-ekintzan aurkitzen dira.

Bufandak 30 zentimetroko zabalera eduki behar du, puntuz edo kakorratzez egindakoa izan behar da, eta bakoitzak nahi dituen koloreak erabili ditzake, sorkuntza librea garatuz eta munduan barna erail dituzten emakumeen aniztasuna islatuz. Ordizian ehundutako metroak neurtu egingo dira, eta Gipuzkoako beste herri batzuetan egindako ehunekin elkartuko dira abenduan, oraindik zehazteke dagoen ekitaldi batean.

Ordiziar gehienena iristea helburu

Berdintasun Sailak egitasmoa Hiri Hezitzaile Gunean aurkeztu eta gero, dagoeneko hainbat eragilek eman diote babesa ekimenari. Horien artean daude ikastetxeak (Urdaneta, Jakintza, Alotza, Oianguren Institutua); Kimetz Elkartea, Zuhaizti Elkarteko eskulanetako taldea eta Dar-Dar eragileak ere lagunduko du musika eta artearekin. Helburu nagusia da kanpainak ahalik eta atxikimendu gehien jasotzea: emakumeena, gizonena, herri-eragileena, elkarteena, ahalik eta ordiziar gehienena.

Beraz, Ordizian datorren urriaren 26ean, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko arkupeetan elkartuko dira parte hartuko dutenek elkarrekin ehuntzeko, eta kanpainarekin bat egin nahi duen orok parte har dezake.  Eta izena norbanako gisa nahiz talde gisa emateko, Berdintasun Sailera idatz daiteke (Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.) edota dei dezakezu (943805610).

Datozen egun eta asteetan, azaroaren 25eko kanpainako ekimenen berri nahiz Matazak proiektuaren berri emango da.