Ordiziako hiru zientzialariak emakumeak zientzian duen presentziari buruz ariko dira ostiralean Barrenan 18:30ean

Ostiral honetan, martxoaren 2an, zientzia arloan emakumeek duten eragina aztertzeko mahai ingurua izango da. ‘Emakume zientzilaria’ izenburupean, Martxoaren 8-Emakumeen Nazioarteko egunaren eta Ordiziaren 750. urteurrenaren inguruan antolatu da. Barrena kultur etxean 18:30ean izango da. Parte hartuko duten zientzialariak ordiziarrak dira: Irati Romero (EHUko Inmunogenetikako ikerlaria), Elixabete Ayerbe (Kimakako ingeniaría eta Industriako Matematika masterra) eta Sara Insausti Gonzalez (Bioteknologia graduatua eta Inmonologia ikerketan masterra).

Luxuzko protagonista izango du mahai-inguruak, Marta Macho Stadler, EHUko Zientzia eta Teknologiako fakultateko Matematika saileko irakaslea eta Matematikako doktorea, hain zuzen. Doktoretzako hiru tesi zuzentzen lagundu du eta Valladolideko Unibertsitateko ECSING ikerketa taldeko kidea da 2007tik.

Bere ibilbide zientifikoa Matematikara ez ezik, gizartera begira dago, akademiatik urrun dauden pertsonengana bereziki, zientziaren hastapenetik lanean aritu diren pertsona eta emakumeak ezagutzera emate aldera, arlo guztietan, Paleontologiatik hasi eta Fisikara.  Horretarako ibilbidea luzea egin du iada. ‘Mujerez con Ciencia’ blog esanguratsua editatzen du, esate baterako. Baina ezagunagoa da antolatzen dituen ekitaldiengatik, emakumea eta zientziari lotuta: ‘Ellas hacen Ciencia’ zikloa, adibidez.

 

Zientzia mailan nabarmena da emakume sarituak ez daudela, eta gutxi dira kongresuetan edo ekitaldi garrantzitsuetan hitza hartzen dutenak. Gauzak horrela, zaila da lanbide zientifikoak gizonezkoentzat direla  ikustarazten duen estereotipoa iraultzea eta honek ez du laguntzen neskek arlo zientifikoak euren etorkizunerako gogoz hartzea.

Desoreka hau aspaldidanik ematen da eta desorekaren tamainak eta iraunkortasunak beharrezkoa egiten du zuzentzeko neurriak hartzea. Desorekaren arrazoiengan eragin behar da egoera zuzentzea nahi bada. Politika zuzentzaileak eta erreferente femeninoak behar dira. Kimetz elkarteak eta Berdintasun batzordeak antolatutako mahai-inguruak egoera honi buruz hausnartzea proposatzen du.

Irati Romero Garmendia

Irati Romero Garmendia Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Inmunogenetikako ikerketa taldean ikertzailea da 2014ko irailetik du. 2015eko otsailetik doktorego-aurreko ikertzaileak prestatzeko kontratua du Euskal Herriko Unibertsitatean. 2015ean Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko beka bat lortu zuen osasun esparruko profesionalen prestakuntzarako. Azken honek Osasunaren Mundu Erakundeko Minbizia Ikertzeko Agentzia Internazionalean lau hilabetez lan egiteko aukera eman zion Lyonen. Gaur egun gaixotasun zeliakoaren genetika eta epigenetika ikertzen ari da. Orain arte nazioarteko aldizkarietan hiru publikazio argitaratu ditu eta hamar nazioarteko kongresuetan eta zazpi kongresu nazionaletan parte hartu du.

Elixabete Aierbe Olano

Ordiziako Jakintza Ikastolan ikasketak amaitu ondoren, Zaragozara jo zuen 1996an goi mailako Kimika Ingeniaritza ikasteko hiri honetako zentro politeknikoan. 2002an graduatu zen, tartean, Suedian, Estokolmoko KTH Royal Institute of Technology institutuan egonaldia eginda.

2005ean, Gipuzkoan enpresa eta teknologi zentro desberdinetan egonda gero, CENER, energia berriztatzaileen zentro nazionalean ibilbidea hasi zuen, energiaren metatze-sistemaren inguruan proiektu berritzailea hasteko. 2007an lantokia aldatu zuen eta CIDETEC-en hasi zen, antzeko ikerketarekin segitzeko. Azken hamar urteotan egiaztatze proiektu zein IO+G proiektu berritzaileen lidergoa izan du energia metaketa sistema arloan, zehazki ion-litio bateri eta aplikazio anitzetako sistema hibridoetan.

Gaur egun CIDETEC-eko Energia Materialen unitateko bateri modelatze taldeko liderra izateaz gain, Matematika Industrialeko masterra egin du eta Madrilgo Universidad Politecnican Ingeniaritza Aeroespazialean doktoretza egiten ari da.

Sara Insausti Gonzalez

Ordiziako Oianguren institutuan ikasi eta gero Bilbora hoan zen. Bioteknologian graduatu zen 2014an EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean. Madrilera jo zuen segidan, Inmunologiaren ikerketan masterra 2015ean amaituz.  Une honetan Leioako Fisikako institutuan doktore izateko tesisa egiten ari da, Jose Luis Nieva doktoreak zuzenduta. Ikerketa proiektuak gp41-kontrako antigorputz birkonbinatuetan oinarritutako GIBaren fusioaren inhibitzaileen garapenean arreta jartzen du.