Ordiziak bat egin du LGTB-en eskubideekin

Ekainaren 28a, LGTB-en Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna dela eta, Hiruki Arrosa zintzilikatu da Udaletxeko balkoian. Hiruki Arrosa naziek erabili zuten II. Mundu Gerran, kontzentrazio eremuetan homosexualak bereizteko eta, gaur egun, LGTB kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko ikur da.

EHGAMtaldeak (Euskal Herriko Gay-les Askapenerako Mugimendua) bideratu du hirukia udaletxeko balkoian zintzilikatzeko proposamena, eta herriko eta eskualdeko zenbait talde eta eragilek bat egin dute ekimenarekin: Udaleko Berdintasun Sailak, Ordiziako Berdintasun Batzordeak, berriki sortutako Goierriko Zubia elkarteak eta Txosnen Batzordeko Talde Moreak, kasu.

Aurten Stonewall-eko istiluak gertatu zireneko 47. urtemuga betetzen da. Egun hartan LGTB kolektiboko kideek New York-eko kaleetara atera ziren haienganako justizia eza, diskriminazioa eta poliziaren etengabeko jazarpena salatzeko. Istiluek oihartzun handia izan zuten, eta horrekin batera kolektiboaren eskubide zibilak eta sexualak erdiesteko mugimendua zabaldu zen munduan barrena. Era berean, ekainaren 28a nazioarteko aldarrikapen eguna izendatu zen.

Esan bezala, 47 urte joan dira jada altxamendu hartatik, eta aurrerapauso handiak eman dira borroka horretan. Nolanahi ere, Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualak kalera atera ohi dira, urtero-urtero, euren eskubideak aldarrikatzeko, izan ere, berdintasuna eta diskriminazio eza nazioarteko ordenamendu juridikoaren printzipio garrantzitsuak izan arren, printzipio horiek ez dira betetzen, oraindik ere. Adibide bat: Amnistia Internacional erakundearen arabera, heriotza zigorra indarrean da homosexualentzat, munduko 76 herrialdetan.

Ezbairik gabe, egoera hobea da gurean eta beste herrialde batzuetan. Hala ere, gay, bisexual, transgenero eta intergeneroek askotan estigma soziala, bazterketa, eta aurreiritzi ugariri egin behar diete aurre euren egunerokoan eta hainbat esparrutan, gainera: lanean, ikastetxean, familian bertan eta osasunaren esparruan, besteak beste. Hori gutxi balitz, LGTB fobiak bizi-bizirik jarraitzen du oraindik ere. Horren adierazle duela aste batzuk Orlandon (AEB) gertatutako erasoa.

Urtero bezala, manifestazioa deitu du LGTB kolektiboak ekainaren 28rako. Donostiako bulebarrean izango da, arratsaldeko 19.30etan.