Emakumeak dira oraindik ere ardura nagusia hartzen dutenak

Iaz Ordiziako Udalak Ordizian burutzen diren zaintza lanen inguruko ikerketa bultzatu zuen herriko zaintzaren eta zaintzaileen errealitatea ezagutzeko, eta, aldi berean, gure herria ikerketaren prozesuaren bitartez gaiaren inguruan sensibilizatzeko. Eta Emakume eta gizonen arteko desberdintasunen iturri nagusienetako baten errora joatea eta egoera iraultzeko gakoak aurkitzeko aukera eman ditu proiektu honek.

Berdintasun batzordeak eta Udalaren Berdintasun sailak bultzaturiko ikerketa izan zen, berdintasun politiketako lehentasunezko lan ildo estrategikoetako bat delako. Eta horrela ere jasota dago Ordiziako II. berdintasun planak bizitzaren iraunkortasun eta gizartearen erantzukidetasun programan barruan. FARAPI Koop. Elkarteak bideratu zuen ikerketa, eta EMAKUNDEk diruz lagundu zuen 2015eko denboraldian.

Zaintza lanak pertsona guztiok gure egunerokotasunean ongizatea bermatzeko egiten diren lanak dira. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarrizkoak izan arren gutxietsi egiten dira gizarte honetan, ahal dugun neurrian beste batzuen eskutan uzten ditugularik.  

Guztiok behar dugu zainduak izan eta denok dugu zaintzeko gaitasuna, baina hori ez da horrela ematen: oraindik ere EMAKUMEAK dira zaintzaren ardura nagusia hartzen dutenak (Gipuzkoako etxeetan emakumeek gizonek baino % 57 denbora gehiago ematen dute zaintza lanetan), sarritan beste herri batzuetatik etorritakoak dira edota aukera sozio-ekonomiko oso mugatuak dituzte. Horrek emakumeen bizitzaren esparru guztietan modu negatiboan eragiten du, ateratzea saila den sorgin-gurpil batean sartzen dituelarik (lan baldintza kaxkarrak, ikasketak burutzeko denbora falta, karrera profesionala alboratzea, denbora libre falta, sozialki parte-hartzeko zailtasunak, eta abar).  

Oraindik ere zaintzaren zati handiena esparru pribatuaren esku gelditzen da eta emakumeen ardura izanik jarraitzen du “naturaltasun” aitzakiaz.

 

Lan-ildoak

Gure gizartean zaintza lanen errekonozimendua lortzeko eta, aldi berean, zaintza lanetan  gizarte osoa inplikatzeko hainbat lan-ildo aztertu ziren, erantzunkidetasunean oinarritutako gizarte baten alde:

-         Zaintza lanen inguruko ausnarketa, bisibilizazioa eta balorazioa bultzatzea

-         Zaintzaren kultura partekatua sustatzea. Eta Gizonen partaidetza erantzunkidea bultzatzea.

-         Emakumeak ahalduntzea bultzatzeko mekanismoak garatzea

-         Udalaren kudeaketarekin zer ikusia dutenak (enpreseekin hitzarmenak lan-baldintzak hobetzea, zaintzaileentzako laguntza programak beraien beharretara egokituak, eta abar)

-         Beste batzuk

 

Ondorengoa da aurkezpenean erabilitako dokumentua

Zaintza_lanak_Ordizian (pdf)