Saioa irekia da eta herritarrei joateko deia egin dute lanaren bultzatzaileek

Datorren asteartean, maiatzak 24, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako Udaleko batzar aretoan eskainiko da Ordizian burutzen diren zaintza lanen inguruko diagnostikoaren aurkezpen publikoa. Berdintasun batzordeak eta Udalaren Berdintasun sailak bultzaturiko ikerketa izan da, berdintasun politiketako lehentasunezko lan ildo estrategikoetako  bat delako. Eta horrela iragartzen dute Euskadiko berdintasun legeak (2005),  Emakunderen VI. berdintasun planak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren II. berdintasun planak eta Ordiziako II. berdintasun planak bizitzaren iraunkortasun eta gizartearen erantzukidetasun programan.

Agerikoa da zaintzaren gaiak egun mugimendu feministan zein erakunde publikoen agendetan hartu duen lehentasuna. Ordiziako Udalak herriko zaintzaren eta zaintzaileen errealitatea ezagutzeko egin duen apustuak kezka honi osoki erantzuten diola baieztatu daiteke; izan ere, Ordizian aplikatuta, emakume eta gizonen arteko desberdintasunen iturri nagusienetako baten errora joatea eta egoera iraultzeko gakoak aurkitzeko aukera emangi du proiektu honek.  

FARAPI Koop. Elkarteak bideratu du ikerketa, eta EMAKUNDEk diruz lagundu zuen 2015eko denboraldian.

Helburuak

Ikerketaren bitartez bi helburu nagusi landu nahi izan dira:  

- Ordizian zaintza-lanen eta zaintzaileen (profesionalak eta ez-profesionalak) inguruko errealitatea ezagutzea.

- Prozesu guztian zehar parte hartzen dutenekin sentsibilizazioa bultzatzea, zaintza lanen ikuspegia zabaltzeko.

Informazioa lortzeko teknika kuantitatiboak (lan dokumentala) zein kualitatiboak (landa lana) erabili dira. Azken teknika honen barruan zaintza gaiaren inguruko sentsibilizazioa ere landu da parte-hartzaileen artean. Zehazki, zortzi elkarrizketa-saio sakon egin dira zaintzaile profil desberdinekin: familiako zaintzaileekin, zaintzaile boluntarioekin eta zaintzaile profesionalekin.

Aurkezpenean zaintzak duen funtsio soziala emango dugu ezagutzera eta horrekin batera honako hauek: bizitzaren iraunkortasunaren ezaugarriak, Ordizian zaintza lanak egiten dituzten pertsonen profilak, lan hauek egiteko baldintzak, eta ardura honek pertsonen bizitzetan dituen ondorioak.

Gure gizartean zaintza lanen errekonozimendua lortzeko eta, aldi berean, zaintza lanetan  gizarte osoa inplikatzeko hainbat lan-proposamen aztertuko ditugu, erantzunkidetasunean oinarritutako gizarte baten alde.

Herritar guztiak daude aurkezpen honetara gonbidatuta.