Hasiak dira azaroaren 25eko programaren inguruko ekintzak

Ate joka dugu azaroaren 25a eta horren harira Berdintasun Sailak herriko hainbat erakunderekin batera antolatutako egitarauak aurrera darrai. 34 urte bete dira jada Azaroaren 25a indarkeria sexistaren aurkako borroka eguna izendatu zenetik; Karibe eta Latinoamerikako Lehen Topaketa Feministaren baitan izendatu zen eguna, Bogotan. Egun hori aukeratu zen, Dominikar Errepublikako Mirabal ahizpa ekintzatzaile politikoen omenez. 1960ko azaroaren 25ean erail zituzten hiru ahizpak, Rafael Leonidas Trujillo diktadoreak aginduta.

1993ko abenduan, NBEko Asanblada Orokorrak Emakumeen aurkako oldarkeria deuseztatzeko Adierazpena onartu zuen. Horren arabera, halako oldarkeria gizonen eta emakumeen arteko botere-harremanen desorekaren adierazgarri da. Baita emakumeen mendekotasuna betikotzeko tresna ere. Horrez gain, Giza Eskubideen zapalkuntza suposatzen du; besteak beste honako eskubideak urratzen ditu; bizitzeko, integritate fisikorako eta osasunerako eskubideak eta berdintasunerako eta bazterkeria ez jasateko eskubideak, besteak beste.

NBEren datuen arabera, emakume eta haurren %35k indarkeria fisiko edo sexuala jasaten dute bere bizitzan barrena, eta zenbait tokitan batez beste hori %70era igo daiteke. Fenomeno transkulturala da, bizi-bizirik dago munduko leku guztietan eta mugarik ez du, izan ere, erlijioak, legeak, klase sozialak eta kulturak zeharkatzen ditu. Indarkeriaren muturreko kasuak erailketak dira, 48 aurten.

Ildo horretatik, Goierriko eskualdea ez da gaitz lazgarri horretaz libratzen. Goierrin indarkeria jasaten duten emakumeei arreta egokia eta koordinatua emateko protokoloa sortu aurretik egindako diagnostikoaren arabera, 2008tik 2013ko lehen seihilabetekora, 339 kasu atzeman ziren eskualdean, hau da, 68 kasu urteko eta sei hilabeteko.

 

Azaroaren 25eko egitaraua Ordizian

Gauzak horrela, ezinbestekoa da halako jokaerak gaitzetsi eta neurriak abiatzea indarkeriari aurrea hartzeko eta herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Hori dela eta, Ordiziako Udalak egitarau oparoa antolatu ohi du azaroaren 25aren inguruan.

Aste honetan (hilaren 19 eta 20an) motorrak beratzen joateko kamisetak serigrafiatzeko tailerrak egingo dira plazan goizetik hasita eta eguerdira bitartean. GKo Gallery arte taldeko kideek eskainiko dute tailerra eta Jakintza Ikastolako eta Oianguren institutuko ia 300 ikaslek hartuko dute parte bertan. Hain zuzen ere, Beldur Barik kanpainarekin bat egin eta lila puntua seriagrafiatuko dute euren elastikoetan. Nolanahi ere, ezin aipatu gabe utzi bai herriko ikastetxeek ere berezko egitarauak antolatu dituztela azaroaren 25aren bueltan.

Bestalde, hilaren 24an (asteartea) Atenea Kodea antzezlana ikusteko aukera izango da, Barrenan, 19.00etan. La Dinamika taldeko Eguzki Zubia ariko da taula gainean. Antzezlana monologo umoretsua da, eta bertan Greziar mitologiaren printzipio moralak gaur egungo jendarteko pentsakera eta bizimoduko ardatzekin alderatzen dira. Azken batean, Olinpoko Jainkosek zuten boterea eta gaur egungo gizartean emakumeek duten rol gutxiestua alderatzen dira antzinatasunean barrena egindako bidaia umoretsuan.

 

Azaroaren 25a egun handiena

Asteazkena izango da egitarauko egunik biribilena. Goizez dagoeneko klasiko bat den giza katea (Hiri hezitzaile programaren testuinguruan) egingo da Altamiratik hasita (11.15), Kimetz elkarteak bultzatuta  herriko zenbait talde eta eragileren ekimenez; hala nola, Ordiziako ikastetxeak, AEK, Bertso Eskola eta Ordizia Kolore. Urteroko topaketa Garagarza plazan egingo da aurten, eta ohi denez, bertan ikastetxeetako ikasleek mota guztietako emanaldiak eskainiko dituzte.

Arratsalde partean, berriz, ekimenak plaza nagusian izango dira. Hasteko, Txitxarra eta Kilkerra musika bikoteak (bibolina eta guitarra) kontzertua eskainiko dute (19.30). Jotzen ari diren bitartean Women in Black performancea egingo da. Azken hori Mujeres Imperfectas arte taldeak sortutako ekimena da eta azkenaldian nonahi taularatzen ari dira arrakasta handiz. Performancearen ondoren, ohiko kontzentrazioa egingo da “Emakumeenganako Indarkeriarik ez” lelopean. Ospakizunekin amaitzeko Koria eta Itsasoa filma ikusteko aukera izango da Herri Antzokian, 20.30. Dokumental horrek Saharako errefuxiatuen kanpamenduetako emakumeen borroka bikoitza du hizpide; Saharauiar estatuaren aldekoa eta berdintasunaren aldekoa.

 

Infrmazio orokorra azaroko kultur agendan argitaratuta dago.