Zazpi saio izango dira ostiral arratsaldetan

Ordiziako Udaleko Berdintasun arloak Nerea Loron rap musikari eta musikoterapia irakasleak zuzenduko duen rap feminista tailerra antolatu du. Ostiralero egingo dira saioak, urriaren 30etik abenduaren 11ra. Honakoak dira ekimenaren helburuak: parte hartzaileen autoezagutza bultzatu, horien artean begirada feminista sorrarazi eta arte sorkuntzaren bitartez ahalduntzea sustatu, beti ere rap-a ardatz hartuta.

Rap-a ahalduntze feministarako tresna gisa erabiltzen du Nerea Loron Furia goitizenez ezagun den rapera nafarrak. Gizarte Hezkuntzan diplomaduna eta musikoterapia irakaslea da, eta neska gazteentzako tailerrak eskaintzen ditu horiengan begirada feminista txertatzeko. Bertan, musika tankera horren bitartez jendartean normalizatuta dauden mekanismo sexistak identifikatzeko tresnak mahaigaineratu eta horien inguruan gogoeta egiteko parada eskaintzen du.

Tailerrean ibilbide historiko bat egingo da rap-aren hastapenetatik abiatuta, ikustezina izan den eta emakumeek arlo horretan egindako lana ikustaraziz eta bide batez erreferenteak sortuz. Asmoa ezagutza pertsonalerako eta gogoetarako espazio komuna sortzea da. Material teorikoa, ikus-entzunezkoekin tartekatuko da, eta parte hartzaileen eskarmentu pertsonalean arakatzeko talde-eztabaidak gauzatuko dira.

Tailerra bi ordutako zazpi saioez osatuta dago, eta ostiralero egingo da  18.00etatik 20.00etara. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena aldez aurretik ematea: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko., Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. korreoetara idatziz edo 943-805610 telefonora deituta.