Bisita egin nahi duten taldeek ordua eskatu behar dute

Berdintasunerako Gunea izeneko topaketa antolatu du Emakundek aurten ere, hainbat erakunde eta elkartek berdintasunaren alde egindako ekimenak ikustarazi eta sendotzeko, eta batez ere jendea gaiarekin sentsibilizatzeko. Iaz bezala, Euskadin barrena ibiliko den autobusa izango da foroaren topaguneetako bat, eta autobusa urriaren 7an iritsiko da Ordiziara.

Aurtengoa Berdintasunerako Gunearen XII. ekitaldia izango da, eta urriaren 5etik abenduaren 18ra bitartean egingo da “Gizartea aurrera doa berdintasunerantz. Ez dezagun atzera egin” lelopean. Aurten, ekimenarekin Emakundek gogora ekarri nahi du Beijing-eko Adierazpenaren eta Ekintza plataformaren 20. urteurrena eta Euskal erkidegoko  Berdintasun Legearen 10 urte betetzen direla. 

Bestalde, iaz, Foroaren testuinguruan gune ibiltaria abiatu zuten, bazter guztietara heldu ahal izateko autobus ibiltaria, hain zuzen ere. Bertan berdintasunarekin lotutako tailer, erakusketa eta abarrak gauzatu ziren, eta ekimenak oso harrera ona izan zuenez, aurten formatuari eutsi diote antolatzaileek. Guztira, 124 elkarte eta erakundek parte hartuko dute aurtengo foroan, eta 144 ekintza gauzatuko dira.

 

Altamira auzoan kokatuko da

Asteazken honetan helduko da autobusa Ordiziara eta Altamira auzoko aparkalekuan egongo da. Ibilgailuak 40 metro koadro ditu, hainbat ekimen gauzatzeko baliabideez hornituta dago (ikus-entzunezkoen pantaila, ordenadoreak, eserlekuak, erakusketak antolatzeko euskarriak…) eta 25 lagunentzako tokia du. Goizez, Oianguren institutuko ikasleek berdintasunarekin lotutako tailerretan parte hartuko dute. Emakundeko begiraleek zuzenduko dituzte tailerrak. Arratsaldean, berriz, autobusa bisitatzeko aukera egongo da izenak aldez aurretik eman gabe. Dena dela interesatuta dauden taldeak Berdintasun sailarekin kontaktatu behar dute (943 805610).