Alderdiek adierazpen bat onartu dute

Ordiziako Udalerrian ordezkaritza duten Alberdi politiko guztiek (EAJ, Bildu, PSE, Ordizia Orain eta Irabazi Ganemos) adierazpen instituzionala adostu eta Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin dute Martxa ostiralean bertan helduko da Goierrira eta geldialdia egingo du Beasainen.

Adostutako adierazpenaren arabera, 2015eko martxarekin atxikitzearekin batera, emakumeen elkarteek eta taldeek deitu eta antolatutako ekintza eta mobilizazioak babesten ditu Udalak. 

Halaber, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunaren aldeko ekimenak sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, horretarako udalerriko emakume talde eta erakunde feministak kontuan izanda.

Horrez gain, erakunde eta mugimendu sozialei, ikastetxeei, norbanakoei eta bestelakoei ekimenarekin bat egiteko gonbita luzatzen die eremu sozialeko ahaleginek berdintasunaren aldeko bide eraginkorrak jorratzen dituztela iritzita.

Karabana 1995ean egin zela lehedabizikoz Quebec-en emakumeen mugimenduak antolatuta, berdintasuna aldarrikatzeko asmoz. 2000. urtetik aurrera ekimena munduan barrena zabaldu zen.

Aurtengoa ekimenaren 4. edizioa izango da eta  “Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte” da horren leloa. Martxoaren 6an abiatu zen Kurdistanetik eta urriaren 17an amaituko da Coimbran (Portugal), Europa zeharkatu ondoren.

 

Urriaren 2an harrera Beasainen

Esan bezala, Emakumeen Munduko Martxa ostiralean iritsiko da eskualdera, eta geldialdia egingo du Beasainen.  Karabanari ongi etorria emateko mota guztietako ekimenak antolatu dira. Hala, goizez 10.00etatik 12.30etara dantzak, murala margotzea, bertsolariak eta abesbatza baten emanaldia izango dira (frontoi estalian). Arratsaldean ere ez da ospakizunik faltako: “Pertsona naiz ez transexuala” hitzaldia eskainiko dute Maddi eta Marijo Imaz ama-alabak (20.15), 21.30etan afari feminista egongo da, eta ondoren “Mor more” taldearen kontzertua.

 

ORDIZIAKO ALDERDI POLITIKOEN ADIERAZPENA

1995ean, Quebec-eko emakume-mugimenduak martxa bat egin zuen, Ogiaren eta Larrosen Martxa, eta 15.000 pertsonak egin zuten bat horrekin, hamar egunez. Babesa ez zen soilik bertako jendearengandik etorri; aitzitik, martxak eragin handia izan zuen nazioartean. Hori dela eta, 2000. urtean martxa modu zabalean deitzea erabaki zen, mundu-mailan, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzeko. 

Martxak bi gai bildu zituen, mundu osoko feministak ados baitaude horien inguruan: pobrezia eta indarkeria sexista. Dena dela, ez ziren gai horiek bakarrik jorratu, beste alderdi batzuez ere jardun zen, besteak beste, formazio- eta hezkuntza- plan osoko baten beharraz, kontzientziazio feminista aktibatze aldera. Gainera, helburu taktikoago bat ere ezarri zen: mundu-sare feminista bat sortzea, hala globalki nola lokalki eragin dezan.

2000. urteko martxoaren 8an abiatu zen Quebec eta Genevan, eta New Yorken amaitu zen. Euskal Herrian ere izan zuen eraginik, hain zuzen, plataforma anitz bat osatu zuten 44 talde inguruk. Ekainaren 17an eta urriaren 7an hainbat ekintza egin ziren Euskal Herriko hainbat txokotan eta, amaitzeko, manifestaldi nazionala egin zen Donostian. Era berean, hainbat udaletxetan mozioak aurkeztu ziren atxikimenduak lortzeko asmotan, eta Bruselara martxa antolatu zen, Europako mobilizazioa babesteko. Lortutako eragina eta babesa ikusita, bost urtean behin mundu-ekintza handi bat egitea erabaki zen.

2015ean, bost urte beranduago, 4. Nazioarteko Ekintza egingo dugu, lema honen pean: “Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte”.

Martxoaren 6tik urriaren 17ra bitarte, herrialde guztietako milaka emakumek munduari erakutsiko diote zer-nolako alternatiba feministak proposatzen dituzten eredu kapitalista eta heteropatriarkalaren aurrean. Europan, karabana feminista bat abiatu zen martxoaren 8an Kurdistandik eta kontinente osoan zehar ibiliko da. Urriaren 17an amaituko du ibilbidea, Coimbran. Karabana hori Euskal Herritik pasako da irailaren 28tik urriaren 4ra bitarteko astean.

 

4. Ekintzak honako helburu hauek ditu:

Emakumeok bizi ditugun askotariko indarkeria-motak IKUSARAZTEA ETA SALATZEA, zapalkuntzak sustatzen dituzten eragileak identifikatuz.

Sistema patriarkal eta heteronormatibo bati kontrajarrita emakumeok honezkero eraikitzen ari garen alternatibak SUSTATZEA ETA IKUSGAI EGITEA, elkartasuna, poza eta sormena sendotzen duten ekintzekin, eta emakumeak kalera irtetea eta manifestatzea sustatuko duten ekintzekin. 

MUNDUARI ERAKUSTEA emakumeok erresistentzian ari garela eta ez dugula amore emango gure gorputzaren gainean erabaki ahal izan arte, baieztatuko dugu posible dela beste modu batean sortzea eta bizitzea, taldean eraikiz, modu askean.

Gure mugimendua INDARTZEA ETA ZABALTZEA, komunitateetatik abiatuta, tokikotik, nazionaletik, eskualdekotik eta nazioartekotik, kaleko ekintzekin, emakume gehiagok parte hartuta, hezkuntza politikoarekin eta beste jendarte mugimendu batzuekin elkarlanean.

2015eko Emakumeen Nazioarteko Martxaren inguruan nazioartean eta bertan antolatzen ari diren eta urriaren 17an amaituko diren ekintza eta mobilizazioen eremuan, 

 

ORDIZIAKO UDALAK bat egiten du 2015eko Emakumeen Mundu Martxarekin eta emakume erakunde eta taldeek deitutako eta antolatutako ekintza eta mobilizazioak babesten ditu.

ORDIZIAKO UDALAK, bere eskumenen barruan, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunaren aldeko ekimenak sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, horretarako udalerriko emakume talde eta erakunde feministak kontuan izanda.

ORDIZIAKO UDALAk erakunde eta mugimendu sozialei, ikastetxeei, norbanakoei eta abarri atxikimendu adierazpen honekin bat egiteko gonbidapena egiten diegu, eremu sozialeko ahaleginek berdintasunaren aldeko bide eraginkorrak jorratzen dituztela uste baitugu.