2014-12-01 formazioaSaioak hilaren 11n eta 16an izango dira, baina aurrez izena eman behar da

Ordizia eta Goierriko kazetarientzako eta diseinu grafikoan diharduten profesionalentzako ikastaroa antolatu du Ordiziako Udaleko Berdintasun Sailak, abenduaren 11 eta 16rako (Barrenako 7. gela, 09.30-11.30). Maite Asensio 'Berria' egunkariko Gizartea saileko buruak zuzenduko du formazioa. Helburua komunikazioaren esparruan genero-ikuspegia txertatzeko nondik norakoak aztertzea da, hau da, tresnak eman nahi zaizkie profesionalei euren lanean berdintasun irizpideak atxiki ditzaten.

II. Berdintasun Planaren testuinguruan ulertu behar da ikastaroa, eta trebakuntza programarekin estu lotuta dago. Bertan, besteak beste, herriko eta eskualdeko komunikabideei formakuntza eskaintzea aurreikusten da, euren lanean parekidetasuna bultza dezaten. EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 legearen 26. artikuluarekin bat dator ekimena. Bertan komunikabideek eta publizitateek berdintasuna lortzeko bidean egin beharreko lana zehazten da; batetik, emakumeen parte-hartze aktiboa eta presentzia orekatua bermatzea, edertasun-kanonak, estereotipoak eta hizkuntza sexista bazter utzita, eta bestetik, andreek sustatu edo zuzendutako jarduera politiko eta soziala azaleratzea. Egiteko horretan, ume zein gazteentzako edukiei arreta bereziaz erreparatzea agintzen du legeak.

Praktika onak eta genero-ikuspegia txertatzeko irizpideak
Aipatu bezala, Maite Asensio kazetariak gidatuko du ikastaroa. Asensiok urte luzeak daramatza kazetaritzaren esparruan eta Kazetarion Berdinsarea ekimenaren sortzaileetako bat da. Berriaz gain, Pikara magazineko administrazio kontseiluan dihardu, eta, iaz Argia saria jaso zuen berdintasunaren esparruan egindako ekarpenagatik. Asensiok funtsezkoak diren zenbait kontzeptu izango ditu hizpide; androzentrismoa, genero-estereotipoak eta emakumeen ikusezintasuna, besteak beste.

Horrez gain, praktika egokiak aztertzeaz gain, genero-ikuspegia komunikabideetan txertatzeko funtsezko irizpideak mahaigaineratuko ditu; hala nola, hizkuntza eta irudia, informazio iturriak, albisteen sailkapena, emakumeez zabaldutako irudikapena eta horien ikusezintasuna. Hori gutxi balitz, emakumeenganako indarkeria kasuak nola tratatu izango du hizketagai. Edukiak barneratzeko batik bat adibide praktikoei erreparatuko zaie, hau da, tokiko aldizkarien irakurketa kritikoa egingo da gaiak nola jorratzen diren ikusi da argilunak agerian uzteko eta ondoren praktika egokiak aztertzeko. Ikastaroa zabalik da kazetaritzaren edo diseinu grafikoaren esperruan diharduen edonorrentzat, hori bai, aldez aurretik izena eman behar da Ordiziako Berdintasun sailean: 943805610, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko., Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.