2014-10-20 hezkidetzaHerriko ikastetxeekin batera hasi zen iaz egitasmo hau lantzen, eta aurtengo ikasturtean jarraipena izango du

Iaz 627 lagunek parte hartu zuten programan, ikasle, irakasle eta gurasoak aintzat hartuta

Dagoeneko abian jarri da II. Berdintasun planaren barruan lantzen ari den Hezkidetza programa integralaren bigarren ikasturtea. Egitasmo integrala da, hezkuntzaren alor guztietan esku hartzea aurreikusten baitu (ikasleak, irakasleak, gurasoak, jangelako eragileak, eskola kirola...), eta lau urteren buruan hezkidetza oinarri duen hezkuntza komunitatea sortzea da helburua. Ordiziako Udaleko Berdintasun sailak eta Harremanak enpresak osatzen dute programa honen talde eragilea, eta bertan, hezkidetza mahaian parte hartzen duten Ordiziako ikastetxe guztiak ari dira lanketa egiten.

Edurne Gutierrez Berdintasun zinegotziak, Kristina Altuna Berdintasun zinegotziak eta Ana Elosegi Harremanak enpresako kide eta Hezkidetza egitasmo integralaren arduradunak aurkeztu zuten joan den ostiralean udaletxeko pleno aretoan programa honen bigarren ikasturtea. Haiekin batera, Ordiziako bost hezkuntza zentrotako ordezkari izan ziren agerraldian: Begoña Urbistondo (Alotza haur eskola), Rosa Montes (Urdaneta ikastetxeko zuzendaria), Amaia Ayerra (Jakintza ikastolako zuzendaria), Elena Lopez Cacho (Oianguren institutuko hezkidetza arduraduna) eta Ana Unamuno (Berritzeguneko aholkulari eta hezkidetza arduraduna).

Ordiziako Udaleko Berdintasun sailak urte hasieran aurkeztu zuen II. Berdintasun Plana 2013-2016, eta Gutierrezen esanetan, horren barruan kokatzen da herriko hezkuntza eragileekin batera lantzen ari den programa hau. "Berdintasun sailaren ardura da programa hau koordinatzea, eta baita bertatik sortzen diren sinergiaz baliatzeko ardura ere. Ildo estrategikoa da hau guretzat. Herriko neska-mutikoak berdintasun baloreetan hezitzeko oinarria elkarlanean sustatu nahi dugu, irakasle eta gurasoekin lankidetzan". Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaritzak diruz laguntzen du.

Eskola, leku estrategikoa
Kristina Altunak gogoratu duenez, lau dira Berdintasun planak dituen ardatz estrategikoak: Zeharkakotasuna lantzea; Balioen aldaketa eta emakumeen ahalduntzea sustatzea; Antolaketa sozial erantzukidea bultzatzea; eta Emakumeen aurkako indarkeria desagertu dadin urrats sendoak egitea. "Era berean, 7 programa ditu planak, eta Hezkidetzak horietako birekin du erlazioa. Gizarte Heziketa da horietako bat, eta helburua hainbat heziketa-esparrutan berdintasun balioak trasmititzea eta sustatzea da. Bigarrena tratu onak programa da, non indarkeriaren prebentzioa eta neska-mutilen artean tratu onak sustatu nahi diren".

Altunaren esanetan, eskola leku estrategikoa da gizarte parekide eta bidezkoa eraikitzeko, eta horretarako giltza hezkidetza da. "Gizon eta emakumeei egokitutako estereotipo, rol, balio eta jarrerak kontuan hartu gabe heztea da hezkidetza, ezberdintasunak onartuz aukera berdintasuna eta parekidetasuna bultzatzea". Egitasmo integrala da, eta hezkuntzaren alor guztietan esku hartzea aurreikusten du: ikasleak, irakasleak, gurasoak, jangelako eragileak, eskola kirola...

Programak 627 partaide
Iazko ikasturtean Haur Hezkuntza irakasleek jaso zuten formazioa, eta 2014-2015 ikasturtean formazioa Lehen Hezkuntzako irakasleei eskainiko zaie. Haur Hezkuntzako irakasleek, aurten, bi lan topaketa izango dituzte. "Irakaslegoari formazioa eta aholkularitza eskaintzen zaie; ikasleei Hezkuntza afektibo-sexuala, maskulinitate berriak, autodefentsa neskentzat eta tratu onak sustatzeko tailerrak eskaintzen zaizkie; eta gurasoei hezkidetza tailerrak. Aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen da prozesu guztian zehar".

Iazko programan 627 lagunek hartu zuten parte: ikasleak 512 izan ziren (278 neska eta 234 mutil), irakasleak 46 (Haur Hezkuntzakoak, denak emakumezkoak) eta gurasoak 69 (58 ama eta 11 aita). "Lau urteren buruan hezkidetza oinarri duen hezkuntza komunitatea sortzea nahi dugu, eragile guztien parte-hartze eta inplikazioarekin". Programa garatu ahal izateko talde eragilea (Berdintasun saila eta Harremanak) sortu dute eta hezkidetza mahaia (eragile guztien elkargunea) sortu da. "Uztailean egin genuen ebaluazio bileran eragile guztiek adierazi zuten programa honek berdintasun ikuspegia zabaltzen lagundu diela eta oso gustura parte hartu dutela ekintza guztietan".

Helburu nagusia, prebentzioa
Harremanak taldeko Ana Elosegiren arabera, Hezkidetza programaren helburu nagusia, gizarte parekideago bat eraikitzeko bidean, prebentzio lana egitea da. Programak bi lan ildo ditu: formazioa (ikasle, irakasle eta gurasoekin) eta Aholkularitza. "Iaz Haur Hezkuntzarekin hasi ginen, eta helburua pausoz pauso DBHraino iristea da. Iazko memorian oso balorazio ona egin genuen, eta erabaki zen Haur Hezkuntzako irakasleen formazioan jarraitzea. Aurten berrikuntza bezala, esan, jangeletako langileekin ere egingo dela formazioa".

Trebakuntza jaso ondoren, aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen die Harremanak taldeak ikastetxeei, edozein zalantza edo arazo konpontzen laguntzeko. Zentzu honetan, Berritzegunean (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Laguntza Zerbitzua. Altamir auzoan du egoitza) egiten ari den lana nabarmendu zuen Elosegik. "Oso gustura gaude programa honek Ordizian izan duen harrerarekin, bai ikastetxe, irakasle, ikasle eta gurasoen partetik".