2014-03-06 berdintasuna Ordiziako Udalbatzak otsailaren 27an onartu zuen aho batez II. Berdintasun Plana (2013-2016). Hilaren 11n egingo da planaren herri mailako aurkezpena

Ordiziako Udaleko II. Berdintasun Planak pertsona guztien aukera eta eskubide berdintasunak bermatzeko konpromiso sendoa du, bai barne mailan zein kanpora begira. Planak herriko errealitatearekin bat egiteko asmoa du, eta kontuan hartzen ditu Berdintasunaren esparruan indarrean dauden legeen itzalean sortutako bi plangintza erreferente: Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana. Behin udalbatzak aho batez onartuta, martxoaren 11n egingo da planaren herri mailako aurkezpena, 18:30ean, D'elikatuzen.

Hauek dira planaren ardatz nagusiak.

Aurrekariak
Ordiziako Udalean 2009an eman ziren lehen urratsak parekidetasunaren alorrean, egoeraren diagnosia egin eta I. Berdintasun Plana martxan jartzearekin bat. Horri esker, genero perspektiba politika guztietan eta maila guztietan txertatzeko lehen urratsak eman dira azken urteetan. I. Planaren ebaluazioak jarraitu beharreko norabidea marraztu zuen. 2013an abiatutako parte hartze prozesuan norabide hori teknikarien eta lan-taldeetako eragileen gogoetekin findu da, eta prozesu horretatik jaio da II. Berdintasun Plana.

Eragin esparrua
Udalari dagokionez, helburu nagusia berdintasuna lortzeko gobernu on baten alde lan egitea da. Nola? Oso aintzat hartuta gizonen eta emakumeen behar, gogo eta espektatibak ez direla berak eta aukerei dagokienez alde handia dagoela batzuen eta besteen artean. Finean, gauzak egiteko molde berri bat finkatzea da asmoa.

Lehentasunak
-Mainstreaming-a: Genero ikuspegia zeharkakotasunez udal jarduera eta maila guztietan txertatzea.
-Ahalduntzea eta balioen aldaketa: Emakumeen parte hartze soziopolitikoa areagotzeko eta herritar guztiengan eragiteko aukera, tratu desberdintasunekin behin betiko amaitzeko.
-Erantzukidetasuna: Gizonezkoek zein emakumezkoek eremu publikoan zein pribatuan duten ardura hartu behar dute; lehendabizikoek bizitzaren erdian dauden zaintza lanetan, eta bigarrenek, publikoan duten parte hartze eskasa handitzeko.
-Emakumeen aurkako indarkeria: Emakumeenganako indarkeria da bi sexuen arteko ezberdintasunaren eta emakumeen mendekotasunaren adibide lazgarriena. Udalak, herritarrekin elkarlanean, oldarkeria atzera uzteko prebentzioan eta arretan lan sakona egiteko asmoa du.

Erronkak
-Udalean berdintasun kultura bultzatzea.
-Zerbitzu eta ekintza barneratzaileak finkatzea.
-Udal langileak trebatzea euren jardunean genero ikuspegia txertatzeko.
-Erantzukidetasunari buruz eredu izatea.
-Heziketa soziala sustatzea desorekak atzeman eta horiek desagertarazteko.
-Tratu onak bultzatzea indarkeriari aurre egiteko tresna moduan.

Hori guztia erdiesteko herritarrekin lanean estu jardutea ezinbestekoa da eta horretarako parte hartzerako guneak sortu eta indartzea da helburua. Zertarako? Denen artean berdintasuna ardatz duen herri bat eraikitzeko.