2014-03-04 ainhoa Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak hitzaldia egingo du bihar, eta etzi, kafe kontzertu-tertulia izango da Amaia Zubiria eta Itsaso Gutierrez musikariekin

Emakumeen ekarpenak kulturgintzan da Ordiziako Udaleko Berdintasun sailak aurtengo Martxoaren 8ari begira antolatu dituen ekimenen gaia, andreek esparru horretan egin duten edo egiten duten lana azaleratu asmoz. Bihar asteazkena, hilak 5, Bertsolaritzari begirada feminista izeneko hitzaldia egingo du Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak, 18:30ean, Barrenan. Etzi osteguna, berriz, Musikagintza eta emakumeak kafe kontzertu-tertulia izango da Amaia Zubiria eta Itsaso Gutierrez musikariekin. Barrenan izango da hori ere, 18:00etan.

Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak eskainiko duen hitzaldiaren helburua historikoki gizonezkoena izan den kultur eremu horri beste begi batzuekin begiratzea izango da. Hitzaldiaren ondoren, Goierriko Bertso Eskolako ikasleek jardungo dute.

Amaia Zubiria abeslaria eta Itsaso Gutierrez (hezitzailea, gitarra eta biolin jotzailea eta On, Keike eta Jauko Barik taldeetako kidea), berriz, musikaren munduan emakumeek bete duten paperaz ariko dira, bai hitzaldian zein horren ondoren egingo den kontzertuan.