2013-11-11 Azaroak 25Berdintasun batzordeak ekitaldietan parte hartzeko deia egiten die herritarrei

Ate joka dugu azaroaren 25a, hau da, Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria izan arren, tamalez oraindik ere mundu zabalean bizi-bizirik dirauen jokaera da. Hori dela eta, azaroaren 25az baliatu nahi du Udalak izurrite hori ez dela amaitu gogora ekartzeko, eta herritarren artean jokaera horiek behin betiko desagertzeko bidean lan egiteko deia zabaltzeko. Helburu horrekin Ordiziako Udaleko Berdintasun sailak egitarau oparoa osatu du beste behin, udaleko sail batzuekin elkarlanean.

Horrez gain, azpimarratu beharra dago Kimetz Emakumeen taldeak egitarauari egindako ekarpen handia. Hain zuzen ere, giza katea, elkarretaratzea eta bideoforum-a antolatu ditu taldeak. "Gure asmoa da indarkeriaren auzia mahaigaineratu, horrekin amaitzeko gizartearen konpromisoa jaso eta horrelako egoera lazgarriak jasaten dutenei gure elkartasuna helaraztea. Hori dela eta, ekintzetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritar guztiei", adierazi du Belen Balerdi Kimetz taldeko kideak.

Ekitaldiak hil osoan zehar
Egitarau biribila osatu da azaroaren 25aren harira, adin guztietako herritarrentzat zuzendutakoa eta hilabete osoan luzatuko dena.

Batetik, Zinema Alternatiboa zikloaren barruan "Emakumeak egile eta protagonista" film sorta berezia ikusteko aukera izango da Herri Antzokian. Hain zuzen ere, "La piedra de la Paciencia" (hilak 13, 20.30), "Therese" (hilak 20, 20.30) eta "La bicicleta Verde" (hilak 27, 20.30) lanak pantailaratuko dira.

Lehendabiziko bi filmeek bi andre dituzte protagonista: senarra koman duen Afganistango emakumea, bata, eta komenientziz ezkondutakoa, bestea. Hilaren 27an izango da "La bicicleta verde"-ren txanda (28.30). Haijaa Al Manssur Saudi Arabiako emakume zuzendari bakarraren opera prima, debekuak hankaz gora jarri nahi dituen neskatxaren istorioa azaleratzen du film horrek.

Bestetik, haurrentzat propio, bi emanaldi berezi egingo ditu Mertxe Aizpurua ipuin kontalariak, hilaren 21 eta 26an, Udal liburutegian (17.30): "Marizikina naiz eta zer?" eta "Elixabethe lehoi domatzailea", hurrenez hurren.

Horrez gain, gure herrira etorritako emakume etorkinek oldarkeriari aurre egiteko estrategiez gogoeta egiteko parada izango dute azaroaren 15, 22 eta 29an (Barrenako 7.gela, 17.00), espazio multikulturala programaren barruan.

Ekintzak ez dira hor amaitzen, ordea, izan ere, azaroare 30ean, emakumeentzako autodefentsa feminista tailerra egingo da, Berdintasun Sailaren ekimenez. Zortzi orduko tailerra izango da eta Emagin taldea arduratuko da tailerra emateaz.

Azaroaren 25a egun adierazgarriena
Bestalde, Azaroaren 25a izango da egun adierazgarriena eta ekintza gehien bilduko dituena. Egun horretan egingo da hirugarren urtez jarraian Altamiratik abiatu (11.15) eta Plaza Nagusian bukatuko den (11.30) giza-katea. Giza Katea "Hiri Hezitzailea" programaren testuinguruan egingo da. Oianguren Institutuak, Jakintza Ikastolak, Goztiri AEK-k eta Goierriko Bertso Eskolak egin dute bat Kimetz emakume taldearen ekimenez antolatutako ekitaldi horrekin.

Bestalde, arratsalde partean, bideoforum-a eta elkarretaratzea antolatu ditu Kimetzek. Elkarretaratzeari dagokioenez, 20.00etan egingo da Plaza Nagusian "Emakumeen Aurkako Indarkeria gehiagorik ez" lelopean. Horren ondoren, amaituko da eguneko egitaraua Ane Miren bihurrikariaren "Gorputza uzkurtuta" performancearekin.