2013-08-18 Protokoloa aurkezpenGoierriko 18 herriak elkarlanean arituko dira protokoloa diseinatzeko prozesuan.

Emakumeen aurkako indarkeria arazo politiko, ekonomiko eta soziala da. Beraz, gure herrietako erakunde eta eragile ezberdinek ezin dugu ardura saihestu, dugun erantzunkizuna barneratu eta gure artean koordinatzeko betebeharra dugu erantzun egoki eta integral bat eman asmoz.

Gaur egun badira jada indarkeria ekiditeko nahiz indarkeria kasuen aurrean lanean ari diren hainbat eragile, modu formal eta informalean lanean dihardutena. Egiten ari den lana hobeto ezagutu, bailarako errekurtsoen erretratu bat egin eta koordinazioa errezteko asmoz 2012an Goierriko herriek indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egoera ezagutu eta arreta eta koordinaziorako protokolo baten beharra jarri genuen mahaiaren gainean.

Hasieratik izan genuen argi proiektuak aurrera egin ezkero bailara ikuspegia litzakeela egokiena zenbait arrazoirengatik:

- Protokolo hauetan parte hartzen duten hainbat eragile konpartitu egiten ditugu bailarako herriek. Hori dela eta, sinpleagoa eta eraginkorragoa da protokolo bakarra egitea.
- Alde ekonomikotik begiratuta bailarako herri txikiek horrelako protokolo bat izateko aukera bakarra elkarlanean eginda da, oso zaila bait litzake gastu osoa bere gain hartzea.
- Proiektu amankomun honek bailarako udaletan emakume eta gizonen gaineko berdintasunean lanean ari garenen saretzea erreztuko luke, etorkizunari begira oso aberasgarria izango dena.

Hori dela eta, deialdia bailarako 18 udalerriek zabaltzea erabaki zen.

Gauzak horrela, 2012ko urritik aurrera hainbat bilera gauzatu dira bailarako herrien artean erabaki asko hartu behar izan bait ditugu gaiaren inguruan.

Farapi izango da laguntza teknikoa emateaz arduratuko dena, bailaraz duten ezagutza eta berdintasun gaietan duten eskarmentua baloratu ondoren. Kostuari aurre egiteko Emakundek argitaratu berri duen diru-laguntza jasotzea espero dugu.

"Danon arten"

Proiektu honen izenburuan jaso den moduan ezinbestekoa da bidea "danon arten" egitea. Elkarlan hori da izango da prozesu honen erronka nagusiena, udalerri ezberdinen arteko elkarlana, eta are gehiago, esparru ezberdinetako langileen arteko elkarlana (osasuna, gizarte zerbitzuak, ertzantza, udaltzaingoa, berdintasun saila, emakume taldeak eta talde feministak, etab.). Prozesuan zehar elkarlan hori ondo egiten bada eta oinarri sendoak ezartzen badira, honek protokoloaren funtzionamendu egokia bermatuko du.