LOG BERDINTASUNA.20120601Festetan ere emakumeak eta gizonezkoak pare-parean plazan, tabernan, antolakuntzan, oholtza gainean... eta leku guztietan

Santa Anako festak ate joka ditugu, urtean barrena pilatutako estualdiak, tristura, nekea, alferkeria eta bestelakoak atzera utzi, eta ondo pasatzeko eta alaitasuna eta gozamena herritarren artean elkar banatzeko egunak dira honakoak.

Jaiak gizartearen erakusleiho txikia direla esan ohi da. Alde horretatik, ezin uka daiteke gizartean aurrerapausoak eman direla berdintasunaren aldeko lasterketan. Hala ere, helmugara iristeko gainditu beharreko koska asko daude bide bazterrean, oraindik ere. Eta festak horren guztiaren isla dira: badira emakumeak bazter uzten dituzten ekitaldiak, gure amak, amonak, birramonak eta herenamonak azken mendeetan egindako ekarpenek ez dute tarterik egun berezi horietan, parte hartzea ez da orekatua ez antolakuntzan eta ez ekitaldietan... Hori gutxi balitz festetan, ez da osagai eta jokaera sexistarik faltan izaten: musika eta hizkuntzatik hasi eta emakumeen aurkako indarkeriaraino.

Hori guztia dela eta, ordiziar guztiek suziria noiz piztuko zain dauden honetan, Udaleko Berdintasun Sailetik jai parekideen alde egiteko gonbita luzatu nahi dizuegu. Hauxe da datozen egunetarako plazaratu nahi dugun leloa: Errespetatu (ligoteoa sanoa izan dadin), konpartitu (etxeko eta zaintza lanak banatu denek gozatzeko) eta defendatu (gehiegikeriarik ez onartu). Jaiak eta kaleak emakumeenak ere badirelako eta denok batera, urratsez urrats, Ordiziako parekideago bat eraikitzeko. Izan ere, Ordizian ere Berdintasuna denon kontua da!

Ba al zenekien...?
-Jaiek gure herrian emakumeei zer garrantzia ematen zaien islatzen dutela ?
-Jaiak parekideak izateko denok baldintza beretan parte hartu behar dugula ekitaldietan?
-Jaiak berdintasunezkoak izateko parte hartzeak orekatua izan behar duela antolakuntzan?
-Jaiak baztertzaileak ez izateko publizitateak ez duela sexista izan behar?
-Jaiak berdintasunezkoak izateko erakundeek berdintasunaren aldeko konpromisoa hartu behar dutela?
-Jaiak parekideak izateko ez dela emakumeen kontrako indarkeriarik ez homofobia, lesbofobia eta transfobiarik onartuko?
-Gure festetan denok apostu egin dezakegula berdintasunaren alde?