EHKO Mantangorria sortu da, Euskal Herriko etxalde eta produktuen identifikatzaile agroekologikoa, eta EHKOlektiboa Elkarteak Ordizian aurkeztuko du urriaren 17an.
Azken hamarkadetako elikadura ekoizpena mundu mailako industriarik boteretsuenetako bat bihurtu da; ingurumenari zor zaizkion ardura eta errespetuari erreparatzen ez dion industria. Laborantza eredu biziki kutsakor honen aurrean aterabide konkretu bat jalgitzen ari da laborantzaren sabeletik: Agroekologia. Berrikuntza eta jakintza tradizionala uztartzen dituen, eta ekologia laborantzaren erdigunean kokatzen duen eredua.
EHKOlektiboan antolatuta, Euskal Herriko hainbat laborari Agroekologiaren eredua definitu eta identifikatzeko lanetan dabiltza komunitate bizien eta lur emankorraren arteko harreman orekatua berreraikitzeko. Agroekologia ez baita soilik nola ekoizten dugun, baizik eta nola bizi nahi dugun.
Bide horretan, laborari eta herritarrak saretu eta elikadura sistemaren eragile aktibo izan daitezen erraztea dagokio EHKOlektioa Elkarteari eta horretarako urratsetako bat da EHKO Identifikatzaile agroekologikoa, Euskal Herriko egoera eta aukeretara egokitutako eredu ekologiko ziurtatua, tokikoa, pertsonen neurrikoa eta ekonomia sozial eraldatzailearen parte dena identifikatzeko mantangorria. Elkartearen sorreratik izan den bezala, Biharko Lurraren Elkartea bidelagun funtsezkoa izan da prozesu honetan.
Etxalde eta elikagai agroekologikoak identifikatzen ditu mantangorriak. EHKOlektiboko kideak arloka antolatu eta nork bere bereizgarriei begirako betekizunekin osatu dira identifikatzailearen nondik norakoak. Aplikazioa, berriz, Berme Sistema Parte-hartzailearen bidez egiten da. Mantangorria erabiltzeko eskaria egin duen etxaldea bera, lehenik, eta laborari-herritar talde bat, ondoren, arduratzen dira kolektiboki egindako lanketaren ondorio diren irizpide eta adierazleak betetzen direla ziurtatzeaz. Hitz gutxitan, laborarien arteko elkartasuna praktikatzen da eta ereduaren garapenean aurrerapausoak ematen.
EHKO identifikatzailea erreminta bat da Euskal Herriko laborantza tradizionalari jarraikiz, herria eta natura elikatzen duen lehen sektore bizigarri bat izan dezagun.
Mantangorriak helburu du Euskal Herrian agroekologia mugimendu sozial, ekonomiko eta kulturala da eta hori dena bilduko da urriaren 17an Ordizian, egitarau oparoaren laguntzaz. Goiz osoan zehar izango dira azoka agroekologikoa, identifikatzailearen aurkezpenak, txikienentzako txoko eta tailerra, solasaldiak eta bertso saioa.
Haizea Bengoetxea Laboraria eta EHKOlektiboa Elkarteko lehendakariak gaur Ordiziako Plaza Nagusian egin den aurkezpenan honela adierazi du: “Laborarion artean lan handia egin dugu agroekologiaren garapenean mugarri ikusten ditugun irizpideak zehazten eta ilusio handiz plazaratuko dugu lan hori biltzen duen EHKO identifikatzailea. Kolektiboan elkartzea da gure indargunea, laborarion arteko elkartasunaren eta parte-hartzearen bidez ari baikara agroekologian bidea egiten. Une honetan 170 kidek osatzen dute EHKOlektiboa. Euskal Herriko zazpi lurraldetan antolatuta gaude eta garbi dugu herria elikatzeko, ekoizleak eta kontsumitzaileak baino, laborariak, herritarrak eta eragileak behar ditugula eta bizibie duin eta errespetuzko bat izan behar duela honek. Urriaren 17koa agroekologiaren bueltan antolatuta gabiltzanon topaleku bat izango da eta gonbita luzatzen dugu mugimendua bertatik bertara ezagutzera eta alea jartzera hurbiltzeko."
Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak ere hartu du hitza babes osoa emateko: “Pozgarria da EHKO Mantangorria Ordizian aurkeztea. Ordiziak lotura estua du azokarekin, tokiko ekoizleekin eta lehen sektorearekin, eta, guretzat, oso garrantzitsua da tokiko ekoizpena eta elikadura-eredu jasangarriagoak sustatzen dituzten ekimenak babestea. EHKOlektiboak Mantangorriarekin egiten duen lana interesgarria da, agroekologiaren balioak —ekoizpen ekologikoa, tokikotasuna, giza neurriko etxaldeak eta komunitatea— identifikatu eta herritarrengana hurbiltzeko tresna bat proposatzen duelako. Gainera, azpimarratu nahi dugu agroekologia ez dela soilik ekoizteko modu bat. Gure lurraldean, gure baserrietan eta gure komunitateetan elikadura-sistema nolakoa izan nahi dugun ere badelako. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu EHKOlektiboari Ordizia aukeratu izanagatik, eta herritarrak urriaren 17an egingo den egitarauan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”.
Informazio gehiago: www.ehkolektiboa.eus