Ordiziako Udalak kezka agertu nahi du azken hilabeteotan alde zaharrean, larunbat gauetako hondakin-bilketan, izandako hainbat gertakari larriren aurrean. Egoerak hondakin-bilketa zerbitzua ematen duten langileen segurtasuna arriskuan jarri du, eta horregatik, Udalak herritarren lankidetza eta erantzukizuna eskatu nahi ditu.
Larunbat gauetan, 00:30etik aurrera, komertzioetako ontzi arinen bilketa egiten denean, Santa Maria eta Etxazarreta kaleetan jendetza handia biltzen da. Horrek zaildu egiten du bilketa-lana, eta askotan kamioiak aurrera egin ahal izateko kalean dauden pertsonak eta terrazetako mahaiak eta bestelako elementuak mugitu behar izaten dira.
Urte luzez zerbitzu hori normaltasunez eman izan da, eta herritarren laguntza ere ohikoa zen. Azken aldian, ordea, lankidetza hori nabarmen murriztu da, eta egoerak arrisku handia sortzen du bai langileentzat, bai kalean dauden pertsonentzat.
Azken hiru-lau hilabeteetan hiru gertakari bereziki larri izan dira:
Garagartza plazatik botilak jaurti zitzaizkion hondakin-bilketako kamioiari Ordizia kaleko jaitsieran.
Santa Maria kalean, zerbeza botila bat kamioiaren kabinara sartu zen irekita zegoen leihotik. Zorionez, une hartan langilea ez zegoen barruan.
Beste kasu batean, bilketako langilea edukiontziak husten ari zela, gazte bat kamioiaren kabinan sartu zen. Langileak bertatik ateratzeko eskatu behar izan zion, eta eztabaida baten ondoren amaitu zen egoera, ondorio larriagorik gabe.
Ordiziako Udalak gogorarazi nahi du hondakin-bilketa ezinbesteko udal zerbitzua dela, eta segurtasun baldintza egokietan egin behar dela. Horregatik, herritarrei eskatzen die bilketa-lanak egiten ari diren bitartean langileen lana errespetatzeko, kamioiaren ibilbidea ez oztopatzeko eta jokabide arduratsua izateko.
"Ez dugu itxaron nahi istripu edo ezbehar larri bat gertatu arte. Guztion ardura da udal zerbitzuak segurtasunez egin ahal izatea eta gure kaleetan elkarbizitza bermatzea."
Udalak egoera aztertzen jarraituko du eta, beharrezkoa balitz, langileen segurtasuna bermatzeko neurri osagarriak hartuko ditu. Bien bitartean, herritarren lankidetza ezinbestekoa dela azpimarratu nahi du.
Elkarbizitza, errespetua eta ardura guztion esku daude