Image
Image

Anselmoren baratza berreskuratzeko lanak martxan daude

Anselmoren baratza berreskuratzeko lanak martxan daude

Ordiziako Udalak hasi ditu Anselmoren Baratza izenez ezagutzen den espazioa berreskuratzeko lanak. Garagartza plaza eta Ordizia kalea lotzen dituen, eta urte luzez erabilerarik gabe egon den eremu hau herritarrentzako berdegune berri bihurtuko da, natura, biodibertsitatea eta erabilera publikoa uztartuz.

Gaur goizean, Adur Ezenarro alkatea bertan izan da lanen bilakaera ezagutzen. Alkateak nabarmendu du proiektu hau udalaren hiri-berroneratze estrategiaren barruan kokatzen dela.

"Anselmoren Baratza berreskuratzea espazio degradatu bat txukuntzea baino askoz gehiago da. Herrigunean naturari lekua egiten diogu, klima-aldaketaren aurrean babesgune klimatiko berri bat sortzen dugu eta herritarrentzako topagune atsegin eta irisgarri bat irabazten dugu."

Bi fasetan gauzatuko den proiektua

Lanak bi fasetan egingo dira. Lehen fasea dagoeneko martxan dago, eta hilabete eta erdiko epea izango du. Epe horretan eremua garbitu eta sastrakak kenduko dira, topografia egokituko da eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira. Horretarako, gaur egun dauden desnibelak moldatuko dira eta Garagartza plaza zein Ordizia kalea modu eroso eta irisgarrian lotuko dituen ibilbidea sortuko da.

Bigarren fasean, espazioa osatuko duten kale-altzariak, argiztapena, ureztatze-sistema eta iturria jarriko dira, herritarren erabilerarako guztiz egokituta gera dadin.

Natura eta herria orekan

1.551 metro koadro inguruko espazioak izaera naturala izango du. Bertako landaredia babestu eta indartuko da, fauna txikiarentzako habitat egokiak sortuz eta inguruko etxebizitzen pribatutasuna bermatuko duen pareta begetala eratuz.

Horrez gain, lehendik dauden zuhaitz gehienak mantenduko dira (bide berria eta Garagartzako sarbidea oztopatzen zutenak baino ez dira kendu), izan ere, egun utzita badago ere, Anselmok urte luzez zaindutako lorategiak bere xarma badu oraindik, eta balorean jartzea baino ez da geratzen. Edonola ere, bertako espezie gehiago landatuko dira eta etorkizunean baso jangarri baten garapena sustatuko da.

Espazioaren erdialdean, eguzkiak ematen duen espazioan zelai ireki bat planteatzen da, plaza edo auditorio txiki baten moduko eremu ireki bat sortuz, herritarren arteko topagune eta sozializazio gune gisa. Bertan formatu txikiko kultur edo gizarte jarduerak ere egin ahal izango dira.

"Klima-aldaketaren testuinguruan, gero eta beharrezkoagoa da herriguneetan itzala, natura eta atseden hartzeko guneak sortzea. Anselmoren Baratza etorkizuneko Ordiziaren alde egiten dugun apustu argia da.", adierazi du Ezenarrok.

49.667 euroko inbertsioa

Lehen fase honek, 49.667,50 euroko aurrekontua du, BEZa barne (41.047,50 euro, BEZik gabe).

Hara estudioak diseinatu du proiektua, eta helburua da Anselmoren Baratza herriguneko berdegune estrategiko bihurtzea, hiri-ingurunearen eta naturaren arteko oreka bilatuz.

Bigarren faseko lanak, aurten bertan hasiko dira, izan ere, lehen fasea 2025ean itxi baitzen.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza