Azken urteetan plaza kopuruaren murrizketak, zerbitzuaren kalitatearen gainbeherak eta langile baten azken kaleratzeak sortutako kezka agertu ditu Ordiziako Udal Gobernuak.
Ordiziako Udal Gobernuak prentsaurrekoa egin du gaur San Jose adinekoen egoitzaren inguruan azken urteetan hartutako erabakiek eta azken asteetan izandako gertakariek sortu duten kezka agertzeko. Horren harira, Adur Ezenarro alkatea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñari zuzendu zaio, egoerari irtenbideak bilatzeko eta Aldundiaren esku-hartzea eskatzeko.
Prentsaurrekoan azaldu denez, Ordiziako Udaleko talde guztietako ordezkariak ekainaren 5ean bildu ziren diputatuarekin, Udalak aurrez egindako eskaerari erantzunez. Bilera haren helburua izan zen, batetik, 2018an San Jose egoitza udalaren eskuetatik Kabia erakundearen menpera igaro zenetik hartutako erabakien inguruko informazioa jasotzea, eta, bestetik, azken lizitazioaren ondorioz egoitzan sortu den egoeraren inguruko kezka helaraztea.
Izan ere, Ordiziako Udalaren ustez, azken urteetan San Jose egoitzaren eskaintza nabarmen murriztu da. Hasieran 72 plaza zituen egoitzak, araudira egokitzeko egindako eraberritze lanen ondoren 58 plaza izatera igaro zen, baina gaur egun, modu efektiboan, 31 plaza baino ez dira eskaintzen adineko pertsonentzat.
«Ordiziak ezin du onartu urte luzez herriak izan duen adinekoentzako plaza eskaintza erdira murriztea, are gutxiago erabaki horiek herriarekin partekatu gabe hartu direnean», adierazi du Adur Ezenarro alkateak.
Alkatearen esanetan, Udalak ez ditu zalantzan jartzen ez osasun mentaleko erabiltzaileentzako plazen beharra —gaur egun 18 plaza bideratzen baitira horretarako—, ezta familientzako arnas plazen garrantzia ere —beste 9 plaza erabiltzen dira helburu horrekin—. Hala ere, beharrezkotzat jotzen du zerbitzu horien antolaketa Gipuzkoa osoan modu orekatuagoan egitea.
«Ez dugu ulertzen zergatik Ordiziak hartu behar duen bere gain lurralde osorako zerbitzu jakin batzuen zama, gure herriko adinekoentzako eskaintza nabarmen murriztuz. Gipuzkoako egoitza guztietan antzeko proportzioak egongo balira, ez genuke azalpenik eskatuko, baina badakigu errealitatea bestelakoa dela», azaldu du alkateak.
Udal Gobernuak azaldu duenez, ekainaren 5eko bileran kezka berezia helarazi zitzaion diputatuari Kabiak egindako azken lizitazioaren ondorioz izandako enpresa aldaketak eragin duen egoeragatik. Udalaren ustez, kudeaketa integralaren esleipenak, besteak beste, Kabiak ordura arte zuzenean zuen kontrolaren zati bat galtzea ekarri du, egoitzako zuzendaritza bera ere lehen Kabia erakundeko langile baten esku baitzegoen.
Era berean, azken hilabeteetan egoitzaren funtzionamenduari lotutako hainbat kexa jaso direla azaldu du Ezenarrok. Horien artean daude sukalde eta jangelako zerbitzuaren kalitatearen gainbeherari buruzkoak, dieta terapeutikoen jarraipenari buruzko zalantzak, neguan berokuntzaren erabilera murriztu izanari buruzkoak eta, oro har, gastua murrizteko irizpideek zerbitzuaren kalitatean izan dezaketen eraginari buruzkoak. Kezka horien artean kokatzen du Udalak zaintza-ratioak murrizteko aukera ere.
Ekainaren 5eko bileran, ordea, Aldundiak jakinarazi zuen enpresak azkenean Ordizian orain arte egon diren zaintza-ratioak mantentzeko konpromisoa hartu zuela, nahiz eta ratio horiek legez ezarritako gutxienekoak gainditzen dituzten eta San Josek historikoki eskaini duen kalitatezko arretaren ezaugarrietako bat izan diren.
Hori dela eta, Udalak harriduraz eta kezka handiz jaso du ekainaren 11n Zaintzen enpresak egoitzan hamarkada batez lanean aritutako langile baten kaleratzea, langileen ordezkarien arabera erabaki horren atzean zaintza-orduetako ratioak murrizteko asmoa egon daitekeelako.
«San Josek urte luzez izan duen zaintza ereduaren kalitatea pertsonengan oinarritu da: egoiliarrengan, haien familietan eta baita profesionalengan ere. Oso larria iruditzen zaigu zaintza ratioak murrizteko asmoz langileak galtzea. Kalitatezko zaintza ezin da ulertu lan-baldintzak okertuz», nabarmendu du Ezenarrok.
Egoera horren aurrean, Ordiziako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio San Jose egoitzaren kudeaketa egiten duen enpresaren jardunaren inguruko ikerketa sakona egin dezala, bileran azaldu ziren kexak argitu ditzala eta, hala badagokio, kontratua eteteko aukerak azter ditzala. Era berean, Udal Gobernuak exijitu du Ordizian orain arte eskaini diren zaintza-ratioak mantendu daitezela, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren langile guztiak gordez, berriki kaleratutako langilea barne.
«Ordiziako Udalak ez du albo batera begiratuko. Gure adinekoek merezi duten arreta jasotzeko eta San Josek historikoki izan duen kalitatezko zerbitzua defendatzeko lanean jarraituko dugu, Aldundiari bere eskumenak baliatu eta beharrezko neurriak har ditzan eskatuz», amaitu du Ezenarrok.