Aktibatu zaitez, Zuhaiztin zahartzaro aktiboa bultzatuz
Ikasturte berria hasteko prest dago Ordiziako Zuhaizti zentroa. Urtez urte parte hartze zabala izaten dute eskaintzen diren ekintzen, 400 pertsona inguru aritzen dira ‘Aktibatu zaitez’ programaren baitan.
Jon Ander Caballero zinegotziak “aktibo mantentzearen inportantzia” nabarmendu du: “edozein adinetan garrantzitsua da herritarrak aktibo mantentzea, eta adineko herritarrentzako ere aukera zabala eskaintzen du Zuhaizti zentroak.
Hiru arlo nagusitan banatuko dira ekintzak: Kultur ekintza eta jarduera fisikoak, informatika eta komunikazioa eta osasuna eta ongizatea, Guztira hogeitik gora aktibitate antolatu dira aurten. “Heldu eta adineko guztiei dei egiten diegu ekintza hauetan parte hartzeko. Azken finean interesa izan dezaketen ekintza desberdinak daude programan txertatuta, eta ziur badutela interesa pizten duen ekintzaren bat”.
Programa hau Ordiziako heldu eta adineko (erretiratuak eta pentsiodunak) guztiei zuzenduta dagoela gogorarazi dute. Hala, Zuhaiztiko bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere, kuotaren %20ko igoera batekin.
Informazioa eta izen-ematea, Ordiziako Zuhaizti jubilatu eta pentsiodunen elkartean edo 943 88 92 88 telefono zenbakian. Bulegoko ordutegia: asteazkenak eta ostegunak, 10:30etik 12:30era.





