Olano harategiak irabazi du Gipuzkoako XXV. Odolki Lehiaketa

Gipuzkoako XXV. Odolki Lehiaketa jokatu da gaur Ordizian, asteazkeneroko azokarekin batera. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak eta Ordiziako Udalak elkarlanean antolatutako lehiaketa da. Guztira 13 harakin aurkeztu dira, eta aurreneko seiak izan dira sarituak. Sari nagusia, Beasaingo Olano harategiak irabazi du; lehendik ere, Ordizian hainbatetan irabazitakoak dira.

Hauek izan dira XXV. edizio honetako saridunak:

1.- Saria: Olano harategia (Beasain) 191 p.
2.- Saria: Javier Iraola (Asteasu) 185,5 p.
3.- Saria: Mujika Odolkiak (Ordizia) 153 p.
4.- Saria: Beasainmendiko Odolkia 151,5 p.
5.- Saria: Kepa Loidi (Orio) 141,5 p.
6.- Saria: Txarri Txiki (Aia) 141 p.

Epaimahaia sukaldariek, gastronomia arloko izen ezagunek eta kazetariek osatu dute. Aurten, bertan izan dira Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Iker Markinez (Kaxola, Beasain), Iker Zabaleta (Aratz Jatetxea, Donostia- JAKITEA), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Aizpea Oihaneder (Mahaia kolektiboa) sukaldariak, Juanma Garmendia (FECOGA); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta Eli Belauntzaran (Diario Vasco) kazetariak eta Paloma Enríquez (CEBANC ostalaritza eskolako zuzendaria).

Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.

Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.

 

Lehiaketa egiten zen bitartean, Ordiziako Jakintza Ikastetxeko ikasleak odolki pintxoak saldu dituzte; lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dira.