Udalak gazteen alokairua ordaintzeko laguntzak jarri ditu martxan

Deialdia

Eskaera orria

Hirugarrenen alta

 “Ordiziako Udalak herrian ohiko egoitza izateko alokairu erregimenean etxebizitza bat duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea du helburu eta horregatik jarri dira martxan laguntza hauek. Gazteen emantzipazioak arduratzen gaitu eta horregatik aukera hau abiatu dugu. Kontziente gara gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunez, izan dituzten lan baldintza eta diru-sarrerak eta etxebizitzen prezio altua”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan zabaldu da, eta Ordiziako etxebizitza guztietara bidali da laguntza honen berri ematen duen eskuorria.

Xehetasunak:

  • Errenta edo alokairua 2022ko azaroaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arte ordaintzeko izango da.
  • Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 50 izango da gehienez, bizikidetza-unitate bakoitzeko 325 euro gehienez ere, eta 12 hilabeteko gehieneko epea.
  • Laguntzatik kanpo gelditzen dira garaje eta komunitate eta administrazio gastuei dagozkien ordainketak, eta baita antzeko laguntza jasotzen bada beste erakunde batzuengandik, errentarako laguntza gisa.

 Onuradunak:

  • 18 eta 35 urte bitarteko adina izatea
  • Eskatzaile edo bizikidetza unitateko kideetatik inork ez izatea beren jabetzan etxebizitzarik
  • Ordizian urtebetez erroldatua egon izana, eskabidea aurkezterako unean eta dirulaguntza hau indarrean dagoen bitartean
  • Errentamendu-kontratu batean titularra izatea
  • Diru sarreren mugak honakoak izango dira: kide bakarra, gutxienez 6.000 euro eta gehienez 25.000 euro (gordinak urtean).
  • Eguneratuta izatea udal zergak, tasak eta zehapenak.

Etxebizitzaren baldintzak:

  • Ordiziako udalerrian kokatua egon behar da
  • Alokairuagatiko errenta gehienez ere 650 eurokoa izan behar da

Eskaerak aurkezteko epea, zabalik

“Atzo, asteazkena, argitaratu ziren oinarriak Gipuzkoako Boletin Ofizialean. Hala, gaurtik aurrera eskaerak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 16a bitartean”, gehitu du alkateak. Eskaerak elektronikoki egin daitezke erregistro elektronikoaren bidez, edo Herritarren Arreta Bulegoan, astelehenetik ostiralera, 08:00-13:30.