"Gazta berriak sukalde eta ekoizle berri eta gazteen indar bera dauka, zoragarria da"

"Gazta berriak sukalde eta ekoizle berri eta gazteen indar bera dauka, zoragarria da". Horiek izan dira Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Ricoren hitzak izan dira, Idiazabal Gazta berriaren aurkezpen ekitaldian, Artzain Egunaren altzoan.
Aurretik, erregulartasun sariak jaso dituzte SC Gorka Jaio Tamayo-Maite Torres Martinez gaztandegiak eta Ondarreko Eneko Goiburuk. Luis de Lezama omendu da aurten, Lezama ostalaritza taldeko lehendakaria. Gainera, bi urteren ondoren, artaldeak herrigunea igaro du, transhumantzia gogoraraziz.

1650532779302

Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea: "pandemian joan zaizkigu bi urte, eta itxaropena daukat zerbait ikasteko balio izan digula. Pentsatu nahiko nuke jabetu garela denboraren joanaz, eta erreparatu diegula benetan garrantzia duten gaiei. Ohartu garela geure bizitzetan ospakizunek, urtemugek, edo festek, zelako garrantzia duten. Elkartzeko aukera ezin hobea eskaintzen digutelako, partekatzeko, elkar ezagutzeko, bizitzeko, eta ez dezagun ahaztu ez dagoela elkarbizitzarako ekintza bateratzaileagorik elkarrekin jatea baino, Idiazabal gazta zati bat partekatzea baino.

Horregatik, gaurkoan berriro elkartu gara, ospatzeko, baina batez ere ondo egindako lana aitortzeko, urte osoan zehar jaten dugun Idiazabal gazta horren atzean, urteko 365 egunetan dagoen lan eskerga aitortzeko. Ez dugulako ahaztu behar jaten dugunaren atzean izen abizenak dituzten pertsonak daudela, beti.

Kate luze batek lotzen gaitu, hasi ardietatik, artzainetara, gaztandegietara, eta merkatuetaraino, eta kate-begi guztien elkarlana ezinbestekoa da, batak besteari eusten diolako. Horregatik gaurkoan, ezinbestekoak diren 3 esparrutan lan egiten duten profesionalei esker ona adierazi nahi diegu. Lehenik eta behin artzain eta gaztagileei, eurak gabe ez legokeelako kate honetan segidarik. Zorionak Idiazabal Jatorrizko Izendapenak urtero egiten dituen gazten dastaketa anonimoetan erregularrenak izateagatik saria jaso duzuen Gorka eta Maite bizkaitarrei, eta Eneko Goibururi goierritarrari.

Gracias y enhorabuena también a Luis de Lezama, por abarcar seguramente dos patas imprescindibles en esta larga cadena que nos une al queso Idiazabal. La principal, seguramente, la de la educación, en la que desde la Escuela de Hostelería de Sevilla ha formado a tantos y tantas profesionales, un bastión imprescindible en la defensa de un producto tan nuestro y local como es el queso Idiazabal. Pero también, y no menos importante, por su labor de embajador del queso Idiazabal allá por donde vaya, desde Sevilla hasta Washington, seguramente porque viniendo como viene de Amurrio, del hermoso valle de Ayala, el queso Idiazabal ya forma parte de su propia identidad, de nuestra propia alma.

Nortasunari buruz ari garen honetan, utzidazue tarte txiki batean gaur gurekin bat egin nahi izan duen Najat Kaanache sukaldari oriotarra agurtzen. Erreferente bat zara, harrera herria izan nahi duen Ordizia bezalako herri anitz honetan, nortasun komunitario berriak eraikitzen sukaldaritzak daukan garrantzia erakusten diguzulako.

Sukaldeetara azken jauzia eginez, mila esker AMA jatetxeko Javi eta Gorkari, euskal sukaldaritza deitzen zaion kate luze honi indar berriz eustera etorri zaretelako. Mila esker, asteazkenero, azokan ikusten zaituztedalako geure baserritarren produkturik freskoenak erosten, eta ondoren, zuen jatetxean, plater bakoitza aurkezten duzuenean, lehengai horien atzean dauden izen-abizen horiek gogorarazten dizkiguzuelako. Eurak gabe, ez legoke kartarik. Artzainik gabe, ez legoke gaztarik.

Basque Culinarytik igaro ondoren gure gastronomia aberasten ari zareten belaunaldi berriaren katebegi indartsuak zarete, eta bihotzez pozten gaitu gaurko mozketan belaunaldi horretako kideekin gogoratu nahi izan duzuelako. Azken finean, kate begi soilak ez baitu indarrik, ondokoekin ez badoa. Ordizian hainbeste maite dugun Iñaki Telleriarekin gaurko eguna partekatu nahi izatea izugarri estimatzen dugu.

Bukatzeko, klima krisialdirik handienaren atarian, pandemia baten ostean eta tamalez mundua gerraz josita dugun honetan, kontuan izan dezagula geure artzainen Idiazabal gazta erostea dela egin diezaiekegun aitortzarik onena, geure azoketan saltzen duten gertuko baserritar eta tokiko ekoizleei zuzenean erostea. Jaten dugunaren atzean dauden izen-abizenak ezagutzeak ez daukalako preziorik".

Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.

Goizean goiz ekin zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izan da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak ere jarri dira. Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa egin da. Bertan, 200 abelburu inguru  izan dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra. Bi motako animaliak izan dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak. Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak; eta mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.

Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibili dira 2.000 ardi baino gehiago. Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.

11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Tolosako Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek gazta berria ebaki zuten. Baina, aldez aurretik, Luis de Lezama, mundu osoan zehar zabalduta dagoen Lezama ostalaritza taldeko Lehendakariari omenaldia egin zaio, Idiazabal Gaztaren difusioan egindako lanagatik.Ohitura den moduan, goiz guztian zehar Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatu zituen Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarri ziren eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izan da.