Elkartasunezko bi tona

Ordiziako Udalak joan den larunbatean bat egin zuen Ukraina-Euskadi Elkarteak abian jarritako premiazko bilketa kanpainarekin. Gainera, herriko establezimendu asko ere batu ziren bilketara. Goiz eta arratsaldean, Udaletxeko arkupeetan eta Eroskin bilketa antolatu zen eta guztira, ia bi tona jaso ziren. Besteak beste, oinarrizko elikagaiak, osasun produktuak, negurako arropak… eman zituzten ordiziarrek.

Asko izan ziren produktu eta materiala ematera gerturatu zireten ordiziarrak, eta baita ere egun horretan, goiz eta arratsaldez, boluntario bezala lagundu zutenak material guztia kaxetan sartu, lotu eta antolatzen. 100 boluntario baino gehiago aritu ziren lan hauek egiten.

Hala, Ordiziako Udalak eskerrik beroenak helarazten dizkizue ekimenarekin bat egin duzuen herritar guztiei, beste behin ere, Ordiziak elkartasuna erakutsi zuelako une latz hauek pairatzen ari diren pertsonei. Eroskiko langileek ere merezi dute aipamen berezia, erakutsitako prestutatasun handiagatik, eta nola ez, Lagunkiro Elkarteari, bilketaren antolaketan buru-belarri aritzeagatik. Eredu zarete!