Ordiziako Udalak dirulaguntza zuzenak emango ditu

Ordiziako Udalak dirulaguntza zuzenak emango ditu Ordiziako ostalaritza, talde zerbitzuak ematen dituzten akademia eta bidai- agentziei. Beharrezko eskakizunak betetzen dituen establezimendu bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren zenbatekoa 1.400 €-koa da. Eskaerak uztailaren 28ra bitartean egin ahalko dira, arreta bulegoan edo Udaltzaingoetan.

“Krisi ekonomikoko testuinguru honetan, gaur egun bizi dugun eta 2020. urte guztian zehar bizi izan dugun ziurgabetasun egoera honetan, ostalaritzako sektoreak oso kalte handiak jasan ditu pandemian izan ditugun murrizketa guztien ondorioz, (barrualdeen itxiera, edukiera eta ordutegien murrizketak) eta horrexegatik, uste dugu, inoiz baino beharrezkoagoa dela udalerriko ostalaritzari laguntzea”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Ez dira, ordea, laguntza jasoko duten sektore bakarrak izango. “Era berean, barneko jardueretan eman diren gehienezko edukieren murrizketek, eragin handia izan dute talde zerbitzuak ematen dituzten akademietan, izan ikasketa edo kirola, dantza edo gorputz adierazpidekoetan. Azkenik , lurralde historikoen eta udalerrien itxiera perimetralek ere, eragin izugarria izan dute baita ere bidaia agentzietan, eta ondorioz, sektore horiek ere laguntzen premia dutela ondorioztatzen da”, gehitu du.

Gauzak horrela, 88.000 euro bideratuko dira laguntza hauetarako.

Nork eskatu dezake laguntza?

Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte ostalaritzako sektorean diharduten norberaren konturako langileek edo autonomoek, ondasunen erkidegoek, sozietate zibilek, mikroenpresek eta enpresa txikiek, baldin eta horien jarduera artikulu honetan zehaztutako jardueren artean jasotzen bada eta establezimendua Ordiziako herrian badago.

Ondasunen erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, horietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak izango dira onuradun, eta horiek guztiek Agindu honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da taldearen ordezkari izateko, eta pertsona horrek behar adinako ahalmenak izango ditu taldeak onuradun gisa izango dituen betebeharrak betetzeko.

Pertsona fisikoek edo juridikoek, sozietate zibilek eta erkidegoek eskuratu ahal izango dituzte diru-laguntza hauek, baldin eta Dirulaguntzei buruzko Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitako debekuren batean ere sartuta ez badaude.