Klimaren eta Energia iraunkorraren aldeko plana

Ordiziako Udalak konpromiso sendoa du klima eta energiarekin eta hala jasotzen da Ordizia 2030 Ekintza Planean. 

“Besteak beste, 2030 urterako Energiaren udal kontsumoan gutxienez %35eko aurrezpena lortzea aurreikusten da. Horrez gain, autokontsumora bideratutako energia berriztagarrien ekoizpena gutxienez %32ra heltzea eta horregatik energia berriztagarrien instalazioak kontsumituko diren eremutik ahalik eta gertuen kokatzea lehenetsiko da. Bide honetan lehen urratsak dagoeneko eman dira, hain zuzen ere, Zerbitzuen udal eraikinean 12 panel fotoboltaiko kokatu baitira. Lortu beharreko beste helburuetako bat ere bada CO2 emisioak %30ean jaistea”, zehaztu du Maitane Alvarez, alkateorde eta ingurumen zinegotziak.

Horregatik, 2050. urterako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Plana osatzeko lehen urratsak eman ditu Ordiziako Udalak eta ezarri ditu helburuak: “energiaren udal kontsumoan % 60ko gutxieneko aurrezpen-energetikoa da lortu beharreko helburuetako bat”, gehitu du Alvarezek. Gipuzkoa Klima 2050 planean eta Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategian CO2 emisioak 2005 urtearekiko %40 murriztu beharko liratekeela ezartzen da eta Europar Batasunaren azken erabakietan, 1990 urtearekiko %55eko murrizketa lortu beharko litzatekeela.

Erronka horien aurrean, Udalak herriko eragile eta sektore ezberdinekin elkarlanean jardun nahi du. “Plan honek hiru fase izango ditu: lehenengoa diagnostikoa da eta dagoeneko eginda dago. Orain, bigarren pausoan gaude: elkarrizketa batzuen bitartez herritarren iritzia jasotzea. Jubilatuekin dagoeneko egin da, eta horiez gain, emakume, enpresa zein gazteekin ere egingo da; azken hauekin inkesta formatuan”. Horren ostean ondorioak aterako dira eta ekintza zehatzak egingo dira. Helburu horrekin, 2023 urtean zehar honakoak gauzatuko ditu:

  • Herritar orori zuzendutako online inkesta
  • Sektore ezberdinetako eragileekin eztabaida-saioak antolatzea
  • Haurrei eta gazteei zuzendutako sentsibilizaziorako egitasmoak martxan jartzea
  • Herritar orori klima-aldaketaren arazoa eta konponbide posibleak gerturatzeko erakusketa antolatzea

Aurrekoaz gain, Udalak gaur egungo egoera eta etorkizuneko klimaren proiekzioan barneratzen dituen diagnostikoa ere idatzi du. Behin diagnostikoaren ondorioak aztertuta, 2050 urtera begirako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Plana idatziko du, klima-aldaketa arintzeko eta bere ondorioetara egokitzeko helburuak eta ekintzak jasoko dituena.

Ordiziako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko plana garatzeko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso da

KARTELA ORDIZIA page 0001