Ordiziako zuhaiztiaren ikerketa egin da

Kimu bat enpresak Ordiziako zuhaizti osoaren inguruko ikerketa egin du. “Herriko zein hiru parke nagusietako, Barrena, Bilordi eta Altamira, arbolak ikertu dira”, zehaztu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Hemen duzue Ordiziako zuhaiztiaren inguruko ikerketa

Ikerketatik ateratako ondorio nagusietako bat da, orokorrean, kaleetan espazio gutxi dute zuhaitzek. “Horregatik kimaketak egin dira eta etorkizunean ere jarraituko dira lan hauek egiten; arbolentzako beharrezkoa delako eta oinezkoen segurtasunerako ere bai”, gaineratu du. Hala, arbola horiei jarraipena egingo zaie, gertutik ikusiz zein den eboluzioa eta urteen joan etorrian zein bide hartzen duten. Horren adibide da, esaterako, Filipinak kalean egin diren esku-hartzeak.

“Ordizian hainbat platanondo ditugu landatuta. Ikerketari esker ikusi dugu horietako batzuk egoera txarrean, gaixo eta enborraren barneko zati handiak ustelduta daudela”. Horiek dira, zehazki, Bilordi parkeko bostak. Ikerketan honela zehazten da: “Halako neurketak egiteko makina berezi bati esker ikusi da barne-barrunbe handiak dituela eta oso egoera txarrean daudela”. Hala nabarmendu du Alvarezek: “Arriskutsua izan daiteke halako zuhaitzak izatea, edozein momentutan eror daitezkeelako”, azaldu du alkateordeak. “Horregatik, zuhaitz hauek kentzeko erabakia hartu da”. Horien ordez, haritza landatuko da.

Barrena parkeko kanpoko aldean ere beste bi platanondo kendu dira, baina kasu honetan beste arrazoi batengatik: “irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoa izan da platanondo horiek kentzea, izan ere, bestela gurpildun aulkiak eta haurren kotxeak, adibidez, ez ziren espaloiean kabitzen”.

Herriko beste zenbait puntutan ere jarri da fokoa. Hala nola, Aita Urdaneta kalean dauden zedroetan: “oso handiak daude eta haien hazkundea geldiezina da. Bizilagunekin batera adostasunera iritsi nahi dugu hauekin zer egin erabakitzeko”, zehaztu du. Elefante parkean ere aztertu dira bertako gaztainondoak: “ez dute fruitua ematen baina orokorrean egoera onean daude. Hala ere, gertutik jarraituko dugu hauen eboluzioa”.

Jasangarritasun Batzordean landu dugu Ordiziako arbolen ikerketaren inguruko nondik norakoak, eta bertan hartutako erabaki bat da kentzen den arbola bakoitzeko beste bat landatzea aztertuko dela, ahal den heinean, bertako espezie bat.