Oiangu Natur Eskolan 500 haurrek parte hartuko dute

Beste behin ere, Oiangu Natur Eskola martxan da Ordizian. Hain zuzen ere, seigarren urtean egingo da Oiangun. “2017an jaio zen proiektu hau ez du pandemiako urte gogorrenak ere gelditu”, zehaztu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak. “Ordiziako Udalak proiektu honetan sinesten du, Oiangu gure altxor handienetako bat delako, ordiziar guztion txoko kuttuna, eta halako ekintzak bai edo bai babesten jarraituko dugu”, gehitu du.

Guztira, Ordiziako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 500 haur inguruk parte hartzen dute. Apirilean hasi eta ekaina hasierara arte, gelaz gela, Oiangura etortzen dira eta bertan egun oso bat pasatzen dute Aranzadi Zientzi Elkarteko hezitzaileekin.

“Aurten gainera Oiangu Natur Eskolak Oihana Unanuerekin kolaboratuko du. Oihana, txikitatik sagarrondoen inguruko esperientzia duenak, sagarraren kulturarekiko duen pasioa elkarbanatuko du haurrekin. Era horretara, natura eta kultura uztartutzeaz gain elikadura burujabetzarako bidea jorratuko da”, zehaztu du Yoana Garcia, Aranzadiko kideak.

Oiangu Natur Eskolakoak ez dira egun pasa soilak. “Garrantzitsua da txikitatik naturarekiko lotura mantentzea, onura izugarriak dakartza eta. Ez bakarrik gaitasun motorra lantzeko aukera paregabea eskaintzen duelako, elkarren artean harremanak sendotu, eta ikasketa prozesuan garrantzitsuak diren aptitudeak hartzen dituztelako, baita ere gure ingurunea behar bezala zaintzeak duen garrantziaz jabetzen baitira”, gehitu du alkateordeak.

Egitasmo honek basoeskolen metodologiatik edaten du. Egun hasieratik bukaerara arte komunikazioan arreta handia jartzen duen proiektua da, bai arauak transmititzeko garaian zein haurren motibazioa eta autoestimua sustatzeko garaian. Haur, irakasle eta hezitzaileok, oinez igotzen gara Oiangura. Oinezko bidea aukera paregabea da egunean zehar landuko diren gaiak aipatzen hasi eta ikasleak motibatzen hasteko; landareak, animaliak, naturako formak… Jolas libreari garrantzi handia ematen zaio, eta bestelako balibiderik eskaini gabe (baloiak kasu) naturan eta naturarekin jolasten dute Oiangun. Hezitzaileekin egiten dituzten ekintzak talde lanean burutzeko erronka txiki modura planteatzen dira. Horietarako beharrezko materiala minimora murrizten da eta naturarekin hartu eman zuzena dago beti; behatuz, ukituz, usainduz…. Taldeak eta pertsonak anitzak dira, beraz, hezitzaileak, taldera moldatzeko eta inprobisaziorako prest daude ezinbestean.

Egiteko modu honen oinarrian haurrak naturan esperientzia positibo bat izatea da, ondo pasatzea, alegia. Eta bide batez, bizipen hau, konpetentzia eta kontzeptu kurrikularrak ikasteko baliatzen da. Izan ere, esperientzia positiboak ikasketa prozesuan laguntzen duela jakina da. Pedagogia berdeari jarraituz, metodologia honek bertako inguru naturala ezagutzen, bertan kokatzen, ingurua maitatzen eta ondorioz errespetatzen lagunduko die haurrei. Naturari bizkarra ematen bizi garen garaia hauetan, gizartearen ezinbesteko ardura den honi heltzen dio Oiangu Natur Eskolak.