ORDIZIAKO MEMORIA HISTORIKOA BERRESKURATZEN. HIRU URTEZ LANEAN AHAZTUEN MINDURA LEUNTZEKO ASMOAREKIN

2014-12-02 ahaztuakHilaren 10ean 'Ahaztuen mindura' liburua aurkeztuko da, eta segidan ekitaldia izango da udaletxeko pleno aretoan

Hilaren 13an 'Uda minean negua' dokumentala proiektatuko da, eta eskultura bat jarri Nikolas Lekuona plazan

Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeak atzo aurkeztu zituen Ordiziako Udalarekin lankidetzan abenduari begira antolatu dituen ekimenak. Taldeak azken hiru urteetan egindako lanaren emaitza plazaratuko du datozen egunetan: abenduaren 10ean, 'Ahaztuen mindura' liburuaren aurkezpena eta ekitaldia izango dira udaletxeko pleno aretoan, eta abenduaren 13an, 'Uda minean negua' dokumentala proiektutako da Herri Antzokian. Horrekin batera, Asier Mendizabalek egindako eskultura bat jarriko da Nikolas Lekuona plazan.

Haza de Roan (Burgos, Espainia) egindako ekitaldiaren kronika

Igor Eguren Ordiziako alkatea, Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeko kideak -Julen Agirre, Pantxike Agirre, Oihana Arratibel, Beñat Garmendia eta Iban Toledo ordiziarrak- eta 36ko altxamendu faxistaren ondorioak sufritu zituzten senideak izan ziren atzo arratsaldean D'elikatuzen egin zen aurkezpenean. Egurenen iritziz, udalarentzat "ohore bat" da aurkezpenean parte hartzea, hein handi batean Ordiziaren eta Euskal Herriko historiaren parte bati aitortza egin zaiolako.

"Iruditzen zait historiaren parte honen aitortza, aspaldi egin beharreko zerbait zela, eta benetan horretarako indarra izan dutenek eta ahalmena izan dutenek, agian ez dutela urte luzetan behar zuten lan hori egin; instituzioez ari naiz. Gaur sentsibilizatuago agertzen gara, bai herri mailakoak zein gugandik urrunago daudenak. Ezinbestekoa da instituzioen lana benetan historia honen berreskuratzean. Baina ezin da ahaztu urte luzetan, hamarkada luzetan, horretarako ahalmena izan duten erakundeek behar zuten lana egin izan balute, gaur agian ez ginatekeela puntu honetan egongo", adierazi du Egurenek.

Alkateak eskerrak eman dizkie memoria historikoa berreskuratzeko lan taldeari, senideei eta lan hau osatu ahal izateko testigantza eman dute guztiei ere. "Hemen lehenengo frankismoaz hitz egiten da. Gaur egun haize berriak edo leiho berriak irekitzen dira, aukera berriak irekita daude gizarte honetan. Ezinbestean orduko putzu haietatik irteteko eta bizikidetza hobe baten alde eman behar ditugun pausoetan Ordiziako Udala lagun izango da. Memoria berreskuratzeko ez ezik, gizarte hobe eta justuago baterako bidean beti tarteko izango gara".

HIRU URTEKO LANAREN EMAITZA
Taldeko kide Pantxike Agirrek adierazi duenez, 2011ko udazkenean herritar talde bat elkartu zen ikusten zutelako Ordiziak zor handia zuela 1936ko altxamendu faxistaren aurrean askatasun eta eskubideen alde borrokatu zirenekin eta gerraren ondorioak eta frankismoa sufritu dutenekin. "Talde hau Egia, Justizia eta Ordaintza printzipioan oinarrituta, hiru urte iraun duen lana egiten hasi zen. Hiru urteren ondoren, gure lanaren emaitza datozen egunetan emango dugu ezagutzera. Horretarako hainbat ekintza prestatu ditugu Ordiziako Udalaren lankidetzan".

Ordiziako Memoria Historikoa berreskuratzeko taldeak hasieratik hiru helburu finkatu zituen.

Lehen helburua izan dute egia ezagutzea eta ezagutzera ematea. Helburu hori betetzeko, bi norabidetan egin dute lan. Bata, elkarrizketak egiten altxamendu faxistari aurre egin zioten pertsonei edo gerraren ondorioak modu batera edo bestera jasan zituztenei. Bestea, artxibategietako dokumentazioa aztertzen. Lan horren emaitzak liburu batean bildu dituzte. Liburua abenduaren 10ean aurkeztuko da.

Bigarren helburua izan da elkarrizketa horietan oinarrituta dokumental bat editatzea. Patxi Zubizarreta idazleak prestatutako gidoian oinarrituta, elkarrizketak, fikziozko errekreazioak eta garaiko argazkiak biltzen dituen dokumentala prestatu dute. Dokumentala abenduaren 13an proiektatuko da Herri Antzokian.

Eta hirugarren helburua izan da herrian oroigarri bat jartzea. Oroigarri horrekin altxamendu faxista, gerra eta errepresio frankista jasan zituztenak omendu nahi dituzte, eta haien duintasuna gaur egunera eta gure kaleetara ekarri. Honenbestez, abenduaren 13an bertan, Asier Mendizabal eskultore ordiziarrak egindako eskultura bat jarriko da Barrena aurreko Nikolas Lekuona plazan.

HERRITARRAK ABIAPUNTU, PROTAGONISTA ETA HELBURU
Agirrek nabarmendu duenez, haien lana herritarrei egindako elkarrizketekin hasi zen. "40 bat ordiziarri egin dizkiogu elkarrizketak, eta 22 testigantza bildu ditugu liburuan. Subjektu ezberdinak bilatu ditugu elkarrizketak egiteko: fusilatuen senitartekoak; gudariak edo haien senitartekoak; bando nazionalean behartuta mobilizatu zituztenak; frankismoaren aurretik demokratikoki aukeratu zituzten kargu politikoen senitartekoak; espetxean edo langile batailoietan egon zirenak edo haien senitartekoak; erbesteratuak eta haur zirelarik erbestera eraman zituztenak.

Asko dira, jakina, jaso ditugun testigantza hauetatik kanpo geratu direnak. Gu ez garelako haiengana iritsi, edota jada haiek gure artetik joan direlako. Gure nahia da, ordea, 22 testigantza hauekin omenaldia egitea frankismoa sufritu zuten ehunka ordiziarri, nahiz eta hemen haien testigantzak zuzenean jasota ez egon.

Testigantza horiekin batera, ia 800 lagunen izendegia osatu dugu. Hor bildu ditugu, batez ere ordiziarrak, baina baita gerra dela-eta Ordiziarekin zerikusia izan zutenak ere. Eta haiei buruz aurkitu ahal izan dugun informazioa ematen dugu".

DATU BATZUK

Informazio bilketa horretatik nabarmendu daitezkeen datu batzuen aipamena egin du Beñat Garmendia taldeko kideak:

-1936ko uztailean matxinatuek Ordiziari eraso ziotenean 3 herritar, 3 zibil, hil zituzten, (bonbek harrapatuta edo tiroz).
-21 pertsona fusilatu zituzten, ordiziarrak edo Ordizian bizi zirenak.
-Euzko Gudarostean gutxienez 297 ordiziar aritu ziren borrokan hainbat batailoitan.
-Gudu-eremuan 20 gudari ordiziar edo Ordizian bizi zirenak hil ziren.
-1936 eta 1945 urteen artean 132 ordiziar izan zituzten preso espetxe frankistetan eta gerra kontseiluetan 112 ordiziar epaitu zituzten.
-Ez dago kopuru zehatza jakiterik, baina ehunka ordiziarrek ihes egin behar izan zuten herritik, eta horietatik hainbatek erbeste luze eta gogorra bizi izan zuten.
-27 ordiziar izan zituzten Espainian zein Frantzian kontzentrazio-esparruetan.
-54 ordiziar izan zituzten langile-batailoietan.

"Lanaren emaitza datozen egunetan aurkeztuko badugu ere, azpimarratu nahi dugu emaitza bera bezain aberasgarri izan dela hiru urte hauetan egindako bidea. Elkarrizketatuek askotan adierazi digute haientzat zein garrantzitsua den hitz egiteko aukera bera eskaintzea. Askotan aipatu dute batez ere beldurragatik isilpean gorde behar izan dituztela beren oroitzapenak, orain liburu eta dokumentalean bildu ahal izan ditugun oroitzapen horiek. Askok diotenez, haientzat liberazio modukoa izan da gai honetaz hitz egin ahal izatea eta egia ezagutzera ematea. Lan hau haiengatik eta haientzat egin dugu. Eta baita etorkizuneko belaunaldientzat ere".

EGITARAUA

Abenduak 4, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: 'Euskara, ospela eta egutera'.
Hizlaria: Dabid Anaut. 'Euskararen kate hautsiak' liburuaren egilea.
Ondoren tertulia Ordiziako Ikastolako lehen andereñoekin.
Ordua: 19:00etan.
Tokia: D´Elikatuz.

Abenduak 9, asteartea
Hitzaldia: 'Memoriaren eta desmemoriaren borroka'.
Hizlaria: Ander Iturriotz. Soziologian doktorea. EHUko irakaslea.
Ordua: 19:00
Tokia: D´Elikatuz

Abenduak 10, asteazkena (GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA)
18:30: 'Ahaztuen mindura. 1936ko gerra eta lehen frankismoa Ordizian' liburuaren aurkezpena.
Ondoren, 19:30. Ekitaldia
Tokia: Udaletxeko pleno aretoan.

Abenduak 13, larunbata
'Uda minean negua' dokumentalaren proiekzioa eta ekitaldia.
Egilea: Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldea.
Ordua:18:00
Tokia: Herri Antzokia