FUSILATU BATEN OMENALDIAK ORDIZIA ETA BURGOSKO HAZA HERRIA LOTU DITU

2014-11-17 memoriaOrdiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeak beste hainbat ekimen aurkeztuko ditu abenduan

Joan den azaroaren 8an ekitaldi bat egin zuen Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeak Burgosko Haza herrian, bertan fusilatu zutelako 1936ko uztailaren 30ean Benito Garcia Gonzalez. Benito Garcia Burgostik Ordiziara etorri zen bizi izatera, baina CAFetik kanporatu zutenean, Hazara itzuli zen familiarekin. Agustin Garcia semearen testigantzaren arabera, ordiziar baten salaketa jaso zuten Burgosen, eta falangistek eraman eta fusilatu egin zuten. Agustin bera aita eraman zuten momentuaren testigu izan zen. Familia, ondoren, Ordiziara itzuli zen eta hemen bizi izan da ordudanik.

Benito Garciari familiak lur ematea lortu bazuen ere, ez zieten utzi inolako gurutze edo hilarririk jartzen. Azaroaren 8an egin zen ekitaldian, hain zuen ere, hutsune hori bete zen eta Asier Mendizabal eskultore ordiziarrak egindako oroigarri bat jarri zen. Oroigarri haren osagarri izango den beste pieza bat abenduan Ordizian jartzeko asmoa dute ekimen hau bultzatu dutenek. Izan ere, ezinbestekoa ikusi da "hemengoa" eta "hangoa" elkarlotzea, hainbat ordiziar Ordiziatik kanpo fusilatu zituztelako, askok herritik kanpora joan behar izan zutelako, Ordizian faxismoaren aurka borrokatu zuten askoren familien jatorria kanpoko herrietan dagoelako... Eta batez ere duintasunaren eta eskubideen aldarrikapena han eta hemen egin behar delako, unibertsala delako.

Ekitaldiarekin, ordea, ez zen soilik Benito Garcia omendu nahi izan. Kasu partikular horretako bidegabekeria aitortu eta mina leuntzen lagundu nahi izan zen, baina baita Ordizian 1936ko gerraren eta lehen frankismoaren ondorioak jasan zituzten guztien mina ere. Horregatik ekitaldi intimo eta xume hartan gerraren bidegabekeriak zuzenean sufritu zituzten hainbat ordiziar izan ziren, eta baita gerran fusilatu zituztenen, gudari izan zirenen eta errepresaliatuen hainbat senide ere. Horiekin batera izan ziren Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeko kideak eta Ordiziako Udalaren ordezkariak. Baita Burgosko memoria historikoa berreskuratzeko taldeko hainbat kide ere.

Ekimen gehiago abenduan
Ekitaldi hau Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldea egiten ari den lanaren baitan kokatzen da, Egiaren, Justiziaren eta Ordaintzaren printzipioak jarraituz, liburu baten argitalpena, dokumental baten edizioa eta ekitaldi publiko bat prestatzen ari da taldea Ordiziako Udalaren babesarekin.