Ordiziako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak 2026ko ikasturte berria prest du. Emakume guztiei zuzendutako espazioa da, adina, jatorria, sinesmena, sexu-orientazioa edo bestelako errealitateak kontuan hartu gabe. Helburua da emakumeen arteko harremanak eta ezagutza trukatzea, hausnarketa eta ahalduntzea sustatzea eta espazio seguruak eskaintzea.
Ikasturte honetan ere askotariko tailerrak eta jarduerak eskainiko dira. Besteak beste, ongizate emozionala eta autokudeaketa, sormenezko argazkigintza, komunikazioa eta ahalduntzea, etxearen antolaketa eta zaintzak, emakume migratuentzako topagunea eta bestelako kultur proposamenak izango dira.
Programaren barruan, gainera, liburu-aurkezpenak, antzerkia eta beste jarduera batzuk ere antolatu dira. Eskaintzak emakumeen eguneroko errealitate eta behar desberdinak hartzen ditu kontuan, ikuspegi feminista, integratzaile eta intersekzional batetik.
Ainhoa Jimenez Berdintasuneko zinegotziak Jabekuntza Eskolak Ordizian duen garrantzia azpimarratu du:“Jabekuntza Eskola ezinbesteko topagunea da Ordiziako emakumeentzat. Urtez urte, emakumeek elkartu, esperientziak partekatu, elkarrekin ikasi eta hausnartzeko espazioa eskaintzen du. Garrantzitsua da emakumeen errealitate eta behar desberdinei erantzutea, eta horregatik, aurten ere askotariko gaiak eta jarduerak proposatu ditugu.”
Jimenezek emakumeak parte hartzera ere animatu ditu:“Emakume guztiak animatu nahi ditugu eskaintza ezagutzera eta parte hartzera. Jabekuntza Eskola guztiontzako espazioa da, eta parte-hartzeak aberastu egiten du elkarrekin eraikitzen dugun komunitatea.”
Izen-ematea irailaren 30era arte egin ahal izango da. Jarduera bakoitzaren inguruko informazioa eta izen-emateko bideak Jabekuntza Eskolaren programan kontsulta daitezke.
Informazio gehiago:
Jarduerak urrian hasiko dira, eta ikasturtean zehar eskaintza berrien inguruko informazioa ere zabalduko da.