Energia eta Klima

Dokumentazioa

Nazio Batuen Elkarteko Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) adierazi duenez, klima-aldaketa da munduko herrialde guztiek aurre egin behar dioten ingurumen-erronkarik premiazkoenetako bat. XX. mendearen erdialdetik, atmosferaren berotze globala gizakiaren jarduerak eragin du.

Azken 150 urteetan, munduko tenperatura 0,8 ºC igo da gutxi gorabehera, eta joera horrek hala jarraitzea espero da. Klima-aldaketaren arazoa zuzeneko ondorioak eragiten ari da nekazaritzan, basogintzan, energia-ekoizpenean, turismoan eta, oro har, gizakion azpiegituretan.

Image

Zer nolako eraginak sortzen ditu klima-aldaketak?

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskadi mailan gradu bat igo da tenperatura erregistroek urteko tenperaturaren batez bestekoak jasotzen dituztenetik. Mundu mailako erabakitze-organoetan nahiz Eusko Autonomia Erkidego mailan helburua da aurrerantzean tenperatura 1,5 graduren azpitik mantentzea.

IPCCk ohartarazi du 2ºC baino gehiagoko tenperaturaren hazkundeak mundu-mailan ondorio negatiboak sortuko dituela, hala nola; lehorteak, aire kutsadura, elikagaien eta uraren eskasia, bioaniztasunaren galera, ekonomia gelditzea eta lekualdatutako pertsonak (“klimaren errefuxiatuak”) eta gatazka larriak gehitzea (uraren eskasiari lotuta, adibidez)..

Image

Klima-aldaketak eragindako inpaktuei dagokionez, hurrengo urteetan, besteak beste, jarraian zerrendatzen diren inpaktuak jasango ditugula aurreikusten dute adituek:

  • Bero-boladen hazkundea eta inpaktu horri lotutako osasun-arazoak.
  • Estres hidrikoa handitzea (hau da, ur-eskaria denbora-tarte jakin batean erabilgarri dagoen kantitatea baino handiagoa denean edo kalitate txikiko ura izateak erabilera murrizten duenean) eta inpaktu horrekin zerikusia duten lehorteak ugaritzea (lehen sektoreari lotutako galera ekonomikoak, sute-arriskuaren handitzea, eta abar).
  • Lurzoruaren aldaketak (lurren emankortasuna gutxitzea, lur jausiak handitzea eta horren eraginak azpiegituretan, …).
  • Uholdeen maiztasuna handitzea (inpaktuak hirietako etxebizitzetan eta bestelako azpiegituretan, ...)

Mundu mailan eta gerora lurralde ezberdinetan adostutako helburua da 2050 urterako neutralitate klimatikoa lortzea; hau da, urte horretarako berotegi efektuko gasen (gas hauek dira klima-aldaketaren eragile nagusiak) emisioak Planetaren xurgapen naturalaren bidez ezabatzen direnen berdinak (edo txikiagoak) izatea. Hau da, klimaren aldeko ekintzaren bidez gure emisioak murriztea esan nahi du.

Hori dela eta, eragile ezberdinak klima babestearen aldeko ekimen eta neurri ezberdinak ezartzen ari dira. Horien artean aipa daitezke gobernuz kanpoko erakundeak eta ingurumena babesteko elkarteak (kontzientziazio-kanpainen antolaketa, klima-aldaketa arintzeko edo klima-aldaketara egokitzeko proiektuak garatzea -zuhaitz landaketak, urmaelen sorrera, …-, gobernuei zuzendutako proposamenen lanketa, ikerketa-lanak, eta abar.), enpresen sektorea 

(eraikinen diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko neurriak ezartzea, enpresaren karbono-aztarna kalkulatzea eta hori gutxitzeko helburuak nahiz neurriak barneratzen dituen planak martxan jartzea, etab.) eta Administrazio Publikoa. Sektore publikoari dagokionez, aipatzekoak dira estatuen arteko mundu mailako hitzarmenak, estatu mailan edo beste Administrazio Publikoko maila ezberdinetan (erkidegoak, eskualdeak, probintziak, herriak eta hiriak) onartutako estrategiak eta ekintza-planak, legedia (adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legea edo onartzeke dagoen Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako Legea) eta bestelako instrumentuak (lurraldeko erresilientzia handitzera zuzendutako proiektuak, enpresei zuzendutako diru-laguntzak, udal mailako energia eta klimari buruzko tokiko planak diseinatzeko gida, fiskalitate berdea -pizgarri fiskalak, eta abar-).

Image

Klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea

Klima-aldaketa arintzea: berotze globala eragiten duten gasen (Berotegi Efektuko Gasak) kantitatea gutxitzera bideratutako ekintzek osatzen dute eta batez ere ondorengo arloekin zerikusia duten: energiaren aurrezpena eta energiaren kudeaketa, hondakinen sorreraren prebentzioa eta sortutako hondakinen kudeaketa egokia, mugikortasun jasangarria, Berotegi Efektuko Gasak xurgatzen dituzten karbono-hustubideen sorrera (zuhaitz espezie egokien landaketa, etab.).

Klima-aldaketara egokitzea: inpaktua jasan dezaketen elementuak (biztanleria, bizitegi- eta industria-lurzorua, natura ingurunea, jarduera ekonomikoak…) neurri ezberdinen bidez egokitzea, klima-aldaketak eragindako inpaktu negatiboen ondorioak murrizteko.

Zer egingo du ordiziako udalak?

Tokiko herri-administrazioa, herritarrengandik gertuen dagoen erakunde publikoak izanik, funtsezko eragileak dira klima-aldaketaren aurrean. Izan ere, euren jardunaren bidez klima-aldaketa eragiten duten BEGen isurpenak murrizteko jarduerak abiarazi ditzakete eta bere ondorioetara egokitzeko neurriak ezartzeko ahalmena dute hiri-plangintzaren eta natur ingurunearen kudeaketa aktibo baten bidez. Aldi berean, udalak eragile sozioekonomikoak (enpresak, hezkuntza-zentroak, elkarteak, eta abar) klimaren aldeko ekintzak aurrera eramatea mugiarazi ditzake (sentsibilizatuz, proiektu zehatzak elkarlanean burutuz…).

Ildo honetan, Ordizia 2030[1] ekintza-planean udal energia-plana berritzeko ekintza zehatz bat jaso zuen Ordiziako Udalak eta baita klima-aldaketara egokitzeko plan bat diseinatzera bideratutako beste ekintza bat ere. Aldi berean, Ordiziako Agenda 2030en Ekintza-planak Lurraldea deritzon ardatzean klimaren babesarekin eta energia-trantsizioarekin harreman zuzena duten helburuak finkatzen ditu eta baita horiek lortzera bideratutako askotariko ekintzak ere. Honenbestez, 2022ko ekainean Ordiziako Udalak Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Planaren zerbitzua kontratatu zuen, 2050 urterako ikuspegia izango duen ekintza-plana idazteko. Aipatu ekintza-planaren bidez, besteak beste, honako helburuak lortu nahi dira:

[1] Ordizia 2030: Ordiziako Udalak, udal teknikariekin batera, elkarlanean, 2030 urtera bitartean aurre egin beharreko erronken ekintza-plana da eta esteka honetan kontsulta daiteke: https://www.ordizia.eus/images/web-bizi-herria/EkintzaPlana2030.pdf

2030 urterako helburuak:

  • Energiaren udal kontsumoan gutxienez % 35eko aurrezpena.
  • Autokontsumora bideratutako energia berriztagarrien ekoizpena gutxienez % 32ra heltzea. Energia berriztagarrien instalazioak kontsumituko diren eremutik ahalik eta gertuen kokatzea lehenetsiko da.
  • CO2 emisioak % 30 jaistea*.

* “Gipuzkoa Klima 2050” planean eta “Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia”n CO2 emisioak 2005 urtearekiko % 40 murriztu beharko liratekeela ezartzen da eta Europar Batasunaren azken erabakietan, 1990 urtearekiko % 55eko murrizketa lortu beharko litzatekeela.

2050 urterako:

  • Energiaren udal kontsumoan % 60ko gutxieneko aurrezpen-energetikoa.
Image
Image

Erronka horien aurrean, Udalak herriko eragile eta sektore ezberdinekin elkarlanean jardun nahi du. Helburu horrekin, 2023 urtean zehar honakoak gauzatuko ditu:

  • Herritar orori zuzendutako online inkesta
  • Sektore ezberdinetako eragileekin eztabaida-saioak antolatzea
  • Haurrei eta gazteei zuzendutako sentsibilizaziorako egitasmoak martxan jartzea
  • Herritar orori klima-aldaketaren arazoa eta konponbide posibleak gerturatzeko erakusketa antolatzea

Aurrekoaz gain, Udalak gaur egungo egoera eta etorkizuneko klimaren proiekzioan barneratzen dituen diagnostikoa idatzi du. Behin diagnostikoaren ondorioak aztertuta, 2050 urtera begirako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Plana idatziko du, klima-aldaketa arintzeko eta bere ondorioetara egokitzeko helburuak eta ekintzak jasoko dituena.

Zer egin dezakete herritarrek, enpresek eta bestelako eragileek?

Eusko Jaurlaritzak, Ihobe Sozietate Publikoaren bidez, tresna ezberdinak garatu ditu eragile-motaren arabera sailkatuta:

Era berean, Naturklimak Gipuzkoako borondatezko karbono-funtsa eratu du, berotegi efektuko gasen igorpenak murrizteko eta konpentsatzeko tresna bat dena: https://www.naturklima.eus/gipuzkoako-borondatezko-karbono-funtsa.htm

Baliabideen eta dokumentu interesgarri osagarrien inguruko Informazioa hemen:

Greenpeace: "Horrela eragiten digu klima-aldaketak"

Nazio Batuen Elkartea: Guía para principiantes sobre neutralidad climática

Naturklima: https://www.naturklima.eus/hasiera.htm (klima-aldaketari eta ekonomia zirkularrari buruzko dokumentuak eta txostenak, enpresa txiki eta ertainei eta merkataritza-establezimenduei zuzendutako tresnak, etab.).

Ihobe: Oinarrizko kontzeptuak eta baliabideak

Gipuzkoako Foru Aldundia: Klima-aldaketari buruzko atala