Gaur, Goazen Ordizia ekimeneko partaideek ohiko ibilbidea alde batera utzi eta irteera berezia egin dute Goierri Eskolara, eguneroko dinamikatik irten eta esperientzia desberdin bat partekatzeko helburuarekin.

Goazen Ordizia urtean zehar ostegunero egiten den ekimena da, eta bertan herriko hainbat eragilek parte hartzen dute. Helburua da, ariketa fisikoa egiteaz gain, astean behin elkarrekin denbora partekatzea eta harremanak sendotzea, giro atsegin eta inklusiboan. Ibilbideak hiru motatakoak izaten dira —luzea, ertaina eta motza—, parte-hartzaileen behar eta gaitasunetara egokituta.

Alazne Elorza, Ordiziako Udaleko gizarte-hezitzaileak, azpimarratu du Goazen Ordizia bezalako ekimenek balio handia dutela komunitatearen ikuspegitik. Haren esanetan, “halako ekimenek adineko pertsonen aktibazioa, sozializazioa eta bakardadearen prebentzioa sustatzen dute, eta aldi berean belaunaldien arteko harremanak indartzeko aukera ematen dute, komunitate sendoago eta kohesionatuago baten alde eginez”.

Ekimenean, besteak beste, Oianguren, Goierri eta Jakintza ikastetxeetako ikasleek, Gurutze Gorriko eta Goiekiko zaintzako ikasleek, Lagunkiro eta Zuhaizti elkarteetako boluntarioek, Garaguneko erabiltzaileek, San Jose egoitzako eta Eguneko zentroko pertsonek, baita herritar boluntarioek ere parte hartzen dute. Halaber, Beasaingo CPRS zentroko erabiltzaile batzuk ere gerturatzen dira noizean behin.

Gaurko irteeran 54 lagunek parte hartu dute zuzenean, baina Goierri Eskolako ikasleak eta bestelako ikasle-taldeak kontuan hartuta, guztira 100 pertsona baino gehiago bildu dira. Ikasleen parte-hartzea txandaka antolatzen da, taldeak gehiegi handitu ez daitezen eta ekimenaren izaera zaindua mantentzeko.

Irteera honen helburua izan da eguneroko ohituretatik ateratzeko aukera eskaintzea, herriko espazioak ezagutzea eta naturarekin harreman zuzena izatea. Duela bi urte antzeko irteera egin zen toki berean, eta esperientzia oso positiboa izan zenez, aurten errepikatzea erabaki da. Gainera, Goierri Eskolak ateak zabaldu dizkie parte-hartzaileei, harrera beroa eskainiz.

Belaunaldien arteko zubia eta balio soziala

Ekimenaren helburu soziala nabarmendu dute Goierri Eskolako arduradunek. Jorge Mancisidor, Goierri Eskolako zuzendariak, honakoa adierazi du:“Ekimen honen helburua argia da: adineko pertsonekin eta herritarrekin bizitza eta harremanak sustatzea, eta bakardadeari aurre egitea. Gu, hezkuntza zentro izateaz gain, harago joan nahi dugu: Goierri Eskolatik belaunaldi ezberdinen arteko zubi izan nahi dugu. Zuzendari gisa, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet proiektu hau posible egin duzuen guztiei.”

Bestalde, menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta ikasketak egiten ari diren Harri Martinez de Olcoz eta Romaissae Ftouh ikasleek ere ekimenaren balorazio oso positiboa egin dute. Ostegunero Goazen Ordizia ekimenean parte hartzen dute, eta honakoa nabarmendu dute:“Guretzat ohore bat da horrelako ekimen batean parte hartzea. Adineko pertsonekin harremana oso aberasgarria da guretzat; haien bizipenak eta esperientziak ezagutzea oso baliotsua da gure ikaskuntzarako. Horregatik, ostegunero Goazen Ordizian parte hartzeko gogotsu etortzen gara.”

Parte hartzeko deia

Herritarren parte-hartzea handitzea da Ordiziako Udalak horrelako ekimenekin duen erronka nagusienetako bat. Hori dela eta, dei egin du interesa duen orori ostegun goizetan plazara inguratzeko edo Gizarte Zerbitzuetan informazioa jaso eta ekimenean parte hartzera animatzeko.