‘Ordizia Mugimenduan’ programa pilotuaren aurkezpena egin da
Ordiziako Udalak, Batera Aske Kooperatibarekin elkarlanean, ‘Ordizia Mugimenduan’ programa pilotuaren aurkezpena egin zuen atzo, ekimenean parte hartuko duten gazteekin eta haien familiekin. Saioa elkar ezagutzeko eta behar espezifikoak identifikatzeko baliatu zen, eta harrera oso positiboa izan zuen.
Udaleko gizarte langile Alazne Elortzak azaldu duenez, ekimenak aspaldiko behar bati erantzuten dio:“Urteak dira bai Udaletik bai herritarren aldetik, dibertsitate funtzionala duten nerabeei eta gazteei zuzendutako zerbitzuetan hutsune bat ikusten genuela. Beste herri batzuetako esperientziak ezagutu ondoren, Ordizia Mugimenduan programa martxan jartzeko lanean aritu gara”.
Elortzak nabarmendu du aurkezpena parte-hartzaileekin eta familiekin egindako lehen harremanetarako gunea izan zela: “Ostegun arratsaldean egin genuen saioa elkar ezagutzeko izan zen, eta aisialdi normalizatuetatik kanpo gelditzen diren gazte hauei erantzun bat ematea da ekimenaren helburu nagusia”.
Bestalde, Oskar Rodriguez Batera Aske Kooperatibako langileak azaldu du lehen saio horrek duen garrantzia:“Lehenengo topaketa elkar ezagutzeko espazioa izatea funtsezkoa da, partaideen beharrak identifikatzeko eta, hortik abiatuta, aurrerantzean egingo diren ekintzak modu egokian diseinatzeko”.
Atzoko saioa oso ondo baloratu zuten bai gazteek bai familiek, eta momentuz zazpi izen-emate jaso dira. Parte-hartzaileekin adostu da saioak igande goizetan, 11:00etatik 13:00etara, egitea, eta jarduerak barne-espazioetan ez ezik, kalean ere garatzeko aukera aztertu zuten.
Programaren aurreikuspena martxoan hastea da, edo gehienez ere Aste Santua baino lehen, eta esperientzia honen bidez jasotako ekarpenek etorkizunean programa egonkor bat diseinatzeko oinarriak jarriko dituzte.
Informazio gehiagorako eta izen-emateak: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. edo 680 155 746 telefonoan.





