Dolu perinatala ikusarazteko erakusketa eta mahai-ingurua Ordizian

Haurdunaldiko edo jaiotza-inguruko dolua gurasoek haurra galtzen dutenean gertatzen da; haurra haurdunaldian, erditzean edo jaio eta egun gutxira hiltzen daiteke. Dolu mota hori, beste batzuk ez bezala, ez dago gizartean onartua. Horregatik, haurra galdu duten gurasoek isilik eraman ohi duten dolua da.
Hori dela eta, ezinbestekoa da gai honen inguruko ezagutza eta kontzientziazioa lantzea. Ordiziako Udaleko Gizarte Ongizate Sailak, Esku Hutsik elkartearekin elkarlanean, dolu mota honen inguruko hainbat saio antolatu ditu datozen egunetarako.
Esku Hutsik, guraso ezberdinek sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, haur baten, haurdunaldi garaian, jaiotza inguruan edo jaioberritan heriotzagatik dolua bizi izan duten edo bizitzen dauden familiei laguntza ematea du helburu.
Ainhoa Jimenez Ongizate eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “gizartean gaur egun oraindik ere tabua den gaia” da dolu perinatalarena. “Heriotza eta dolua bere modu guztietan da tabua oraindik, baina are gehiago haurren heriotzaz ari garenean. Horregatik, aspalditik ikusten genuen gai hau gizarteratzeko beharra, eta hortik sortu da Esku Hutsik elkartearekiko harremana”. Hartu-eman hori ez da berria, lehendik ere beste lanketa batzuk egin direlako haiekin, eta gaur aurkezten diren ekintza hauekin, “lankidetza horri eutsi” nahi zaiola azaldu du Jimenezek, “gizartea sentsibilizatzeko, gaiari lekua emateko, eta batez ere, horrelako egoera batean dauden familiei eta bere ingurune sozialari lekua emateko eta baliabideak badaudela ezagutarazteko”.
Dolu perinatala ikusaraziz
Batetik, 'Dolu perinatala ikusaraziz' erakusketa jarri da ikusgai, Barrenan. Haurdunaldian zehar, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan gertatutako haurren heriotzaren inguruan hausnartzeko gonbitea egiten du erakusketak. Nerea Garaizar argazkilariaren 15-20 argazki biltzen ditu, eta argazki bakoitzaren azpian familien testigantzak jasotzen dira. Dagoeneko ikusgai dago eta apirlaren 11ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 19:00etara bitartean.
Bestetik, apirilaren 10ean, 'Dolun perinatala ikusaraziz: Haurraren heriotza haurdunaldian zehar, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan' mahai ingurua egingo da. Hizlari ezberdinak elkartuko dira bertan, Esku Hutsik elkarteko kideak eta familiak, jaiotzaren inguruan ditugun osasun langileak (emagina, ginekologoa, erizaina, psikologoa espezializatua dolu perinatalean) eta familia ezberdinen testigantzak ere entzun ahal izango dira. Saio hau ere, Barrena jauregian izango da, apirilaren 10ean, 18:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa izango da.