Zuhaizti egoitza suteen aurkako neurrietara egokitzeko lanak
Ordiziako Zuhaizti adinekoen egoitzan hainbat berrikuntza lan egiten ari dira azken urteetan. Obra horien 2. faseari ekingo zaio orain, eta bertan, egoitza suteen aurkako neurri eta araudietara egokitzeko hainbat lan egingo dira. Gaur egun, eraikinak eskailera bakarra dauka, eta ez dago suteen aurka babestuta. Hori dela eta, egungo eskailera (igogailuen ondokoa) isolatu egingo da, batetik. Eta bestetik, taberna aldeko sarrera egokitu eta larrialdietarako eskailera berri bat egingo da, 0 solairutik hirugarren solairura artekoa. Horrela, eraikinak bi eskailera izango ditu, biak ere konpartimentu isolatuetan eta suteen aurka egokituta.
Bigarren faseko lan hauen aurrekontua 379.838,20 eurokoa (BEZa barne) izango da, eta Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. enpresak gauzatuko ditu. Lanak datorren urtearen hasierarako bukatuta izatea espero da. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 286.837 euroko laguntza jaso du, eta hein handi batean, laguntza horri esker finantziatuko da.
Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “lan hauekin eraikuntza prest egongo da suteen aurkako arriskuak eta ebakuazio bideak seguruak izan daitezen”. Horrelako berrikuntza lanek “beti sortzen dituzte enbarazoak”, eta obrek irauten duten bitartean, “hainbat zerbitzu birkokatu” egin beharko direla azaldu du alkateak.
Eraikina suteen aurkako neurrietara egokitzeko lan hauek, Zuhaizti egoitzan egiten ari diren berrikuntza proiektu zabalago parte dira. Lehen fasean, eguneko arreta zentroa egokitu zen hirugarren solairuan, eta 2. igogailu bat jarri zen, eraikinaren erabiltzaile kopurua kontutan izanda. Behin lanak bukatutakoan, eguneko zentroa eta eguneko arreta zentroa, biak kokatuko dira hirugarren solairuan.