Ordiziak beste urrats garrantzitsu bat eman du etxebizitza publikoaren aldeko apustuan. Atzo, soka-tiraketa egin zen Floreaga kalean, babes ofizialeko 12 alokairuzko etxebizitza eraikitzen hasteko, San Joan auzoan garatuko den etxebizitza proiektu zabalaren lehen fase gisa.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, lehen fase honek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin hitzartutako 12 etxebizitzaren eraikuntza ekarriko du. Hitzarmen horren baitan, bigarren fase batean, beste 24 etxebizitza eraikiko dira Floreaga kalean baita ere, bi bloketan banatuta, bakoitza 12 etxebizitzakoa.

Etxebizitza hauen eraikuntza San Joanen eraikiko diren babes ofizialeko alokairuko etxebizitzen proiektu osoaren abiapuntua izango da. Izan ere, San Joan auzoan, guztira, 226 babes ofizialeko alokairuzko etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, eraikuntza mailakatu baten bidez. 36 hauez gain, beste 190 etxebizitza hitzartu baitira Eusko Jaurlaritzaren VISESA sozietate publikoarekin.

Atzoko markaketarekin, etxebizitza berriak kokatuko diren eremua zehaztu da, eta datozen asteetan obrei ekingo zaie, eta espero da laster beste 24 etxebizitzen eraikuntza hastea.

Ondorengo faseetan, beste lau bloketan 190 etxebizitza gehiago eraikitzea aurreikusten da. VISESA dagoeneko ari da etxebizitza hauen proiektuak garatzen.

Ezaugarriak

Lehen fase honetan eraikiko diren 12 alokairuzko etxebizitzetatik 11 bi logelakoak izango dira, eta batek logela bakarra izango du. Guztiek terraza edo balkoia izango dute, baita garajea eta trastelekua ere. Etxebizitzen azalera erabilgarria 54 eta 65 metro karratu artekoa izango da, eta horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo da. Fase honetako obrek 2 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute (BEZ barne).

Pantaila-argazkia_2026-01-23_111507.png   

Bigarren fasean aurreikusitako 24 etxebizitzek antzerako ezaugarriak izango dituzte, 4,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Bi eraikinek kalifikazio energetiko altuena (A) izango dute.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean garatzen ari da, etxebizitza publikoaren eta alokairu babestuaren aldeko politikaren baitan.

Ordiziako Udalak azpimarratu du etxebizitza publikoaren aldeko apustu honek herritarren bizi-baldintzak hobetzea eta alokairu eskuragarria sustatzea duela helburu, bereziki gazteentzat eta behar bereziak dituzten pertsonentzat.