Oiangu baserria birgaitu eta erabilera anitzeko aretoa egokituko da

Oiangu baserriak erabilpen berria izango du hemendik aurrera. Baserria bera birgaitu, eta aterpetxe bat egokituko da bertan. Horretarako, igogailua jarri eta beste hainbat berrikuntza egin dira eraikinean. Horrekin batera, garai bateko golfeko eraikinari ere beste zentzu bat eman nahi izan zaio. Hala, parkeko ekintzetara bideratutako gela bat eta erabilera anitzeko beste areto bat egokituko dira bertan. Europako Next Generation dirulaguntza lerroaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez finantziatutako proiektua izango da.
Oiangu baserriko jatetxea itxi zenetik, erabilera bat eman nahi izan zaio eraikinari. Horretarako ordea, ezinbestekoa zen hainbat birgaitze lan egitea. Aurretik ere, egon zen aterpetxe bat baserrian, baina batez ere irisgarritasun baldintzetara eta araudi berrira egokitzeko eraberritze lanak ezinbestekoak ziren.
Ondorioz, hainbat egokitzapen egin behar izan dira eraikinaren lehen solairuan eta estalkipean. Guztira, 14 oheko bi logela, 6 oheko lau logela, eta 2 oheko bi logela kokatu dira bertan; hala, 56 egoiliarrentzako edukiera izango du Oianguk. Horrez gain, eraikinaren solairu guztiak lotuko dituen igogailua jarriko da.
Balio anitzeko eraikinari dagokionean, bi zerbitzu nagusi izango ditu. Bat estalia baina irekia izango da, bi isurialdeko estalkia daukan gunean hain zuzen. Oiangu parkean antolatzen diren ekintza ugarirentzako estalitako espazio bat lortuko da horrela. Bestetik, ondoan, balio anitzeko gela bat egokituko da, ikasgela, auditorio, edo sukalde tailerretarako urte guztian zehar erabili ahal izango dena. Bi espaziotan, Natur Eskola ekimenak jarraitzea da helburua.
Proiektuaren beste helburuetako bat, eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzea da. Bide horretan, biomasa galdara berri bat jarriko da, balio anitzeko eraikinaren teilatuan eguzki panel fotovoltaiko berriak jarriko dira eta lehendik zeuden eguzki plaka termikoak berreskuratuko dira. Era berean, eraikinaren isolamendu termikoa hobetuko da.
Proiektuaren ardura UTE Iparragirre-Oiangu aldi baterako enpresa elkarteari eman zaio eta egunotan hasi dituzte lanak. Lanen esleipena 1.228.000 eurokoa izan da, da gehi %21-eko BEZari dagozkion 257.880 euro, guztira 1.485.880 euro (BEZ barne). Kopuru osoa Next Generation dirulaguntzen bidez finantziatuko da. Lan horiek egiteko bederatzi hilabeteko epea du enpresak; eta zuinketa akta 2025eko urtarrilaren 20an; horrenbestez, udazkenerako bukatuta izatea aurreikusten da.
Ekimen honekin, Oiangu parkearen berreskuratzea eta biziberritzean urrats garrantzitsu bat emango da, eta aukera berri eta ekonomikoago bat eskainiko zaie Ordizia eta Goierrira datozen bisitariei. Gainera, Oianguk duen kokapen ezin hobea ikusita, ikastetxeekin aste barruko egonaldiak ere egin ahal izango dira bertan.