Ordiziako Plazako eraikinak 100 urte beteko ditu aurten, eta udalak, Europako NEXT Generation dirulaguntza lerroaren bidez, hainbat zaharberritze eta eguneratze lan egin ditu bertan. Plaza eraberritzeko proiektu honek hainbat lan barnebiltzen ditu, hala nola: egitura eta azpiegiturak eraberritzea (argindar eta soinu ekipazio berriak, besteak beste) estalkiaren iragazgaiztasuna berritu eta gainaldean eguzki plakak jartzea, edota itxitura textil mugikorrak jartzea.

Milioi bat eurotik gorako inbertsioa izan da guztira. Kopuru horren %80 Next Gerenation EU diru-laguntza lerroaren bidez finantziatu dira, merkatuak eraberritzeko atalean udalak lortutako diru-laguntzari esker, alegia. Gainontzeko %20a, udalak hartu du bere gain. Obra hiru lote edo arlotan zatitu da; hauek dira kopuru zehatzak:

  • Aurrekontu osoa: 1.092.653 euro (BEZ barne).
  • Next diru-laguntza: 874.122 euro.
  • Lotea: Ordiziako plaza nagusiko eraikin estalia birgaitzea: 705.550€ (BEZ barne).
  • Lotea: Ehunezko babesak edo olanak instalatzea: 179.645 € (BEZ barne).
  • Lotea. Panel fotovoltaikoak instalatzea: 54.670 € (BEZ barne).
  • Next dirulaguntza lerroaren baitan, plaza eta azoka eguneratzeko beste hainbat ekimen txikiago ere gauzatu dira. Azokako webgunea eraberritu da, erosketak APP baten bidez egiteko aukera jarri da, eta azokara etortzerik ez dutenentzat, takilla batzuk jarri dira, online egindako erosketak bertan jaso ahal izateko. Azokako egun berezietarako elementu berriak egin dira (sukaldea, informazio gunea…) etab.

Arkitektonikoki eraikin berezia da, Gipuzkoan bakarra. Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “plazako eraikinak monumentu historiko izendapena du eta lan hauek kontu handiz eta egitura aldatu gabe” egin behar izan dira. Hala, bai zutabeak eta bai sabaia konpondu eta bere onera ekarri dira, beti ere, jatorrizko estiloa eta egitura mantenduz.

Sabaian, bestalde, eguzki plakak jarri dira, energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Guztira 142 plaka fotoboltaiko jarri dira, eta denera 82 Kw inguruko energia sortzen dute. Energia hori, herriguneko eraikin publikoak hornitzeko erabiliko da, hala nola udaletxea, Barrena jauregia, Jakes etxea edota D'Elikatuz zentroa.

Plazako azpiegitura ere berritu da, argiteria eta sistema elektrikoa eguneratuz, eta soinu ekipamendu berria jarrita. Horrez gain, wifi konexio librea ere jarriko da, azokara edo plazara datozenek doan erabili ahal izateko.

Itxitura mugikor textilak

Plazako beste berrikuntza nagusietako bat, plaza eguralditik babesteko jarri diren itxiturak izango dira. Ezenarroren arabera, “asteazkenero azokara etortzen diren ekoizleen urte askotako eskaria” izan da azoka eguratsetik babesteko neurriak hartzea, eta itxitura horiekin, saiatu gara egungo egoera hobetzen. Edonola ere, kontziente gara, Ordiziako plazaren estalkiaren altuera eta irekitasuna ikusita, oso oso zaila dela gunea guztiz babestea.

Itxiturak mugikorrak dira, goikaldetik zintzilik jarri dira olan edo oihal tolesgarri batzuk, eta plazako altueraren bi heren estaltzen dituzte. Olan horien helburua, plaza euritik, haizetik eta eguzkitik babestea da. Lanen azken fasean, behealdean beste itxitura batzuk jarriko dira; hauek ere mugikorrak izango dira, eta bionbo formatua izango dute. Itxitura mugikor horiek, azoka egunetan erabiliko dira, eta baita, hala estimatzen den ekitaldietan ere, batik bat saltzaileei zuzenen jotzen dien aire korronteak mozten saiatzeko. Eraginkorrak izango ote diren frogatzeko, oraingoz plaza osoa ixteko beharrezko izango ziren kopuruaren erdia erosiko dira.