Ordiziako Udalak 449.600 euroko laguntza jaso du, bidegorri berriak eta bizikletentzako aparkalekuak egin eta mugikortasun aktibo eta iraunkorra sustatzeko, Next Generation dirulaguntza-funtsaren bidez. Deialdia lehiaketa bidezkoa izan zen, eta Ordiziak aurkeztutako proiektuak eskatutako diru-laguntza lortu du. Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak bultzatu duen laguntza programa hau, 50.000 biztanletik beherako herriei dago zuzendua, eta Ordizia da, Euskal Herri mailan, laguntza hori lortu duen udalerri bakarra.

Ordizian finantziatutako beste proiektuetako bat izango da hau, izan ere, aurretik turismoko lerroan ia 3 miloi (Oiangu, Delikatuz eta Gaztandegia) eta merkatuen lerroan beste miloi 1 (Plaza eta azokako osagarriak) lortu baititu dagoeneko Ordiziako Udalak. Bidegorria burutzeko epea 18 hilabetetakoa izango da, eta udalak dagoeneko eskura dauka lanak lizitatzeko beharreko den exekuzio proiektua. Lanen aurrekontu orokorra 500.000 euro ingurukoa izango da eta datorren urte hasieran esleitzea aurreikusten da.

Ordiziako bidegorria sarea bitan banatuta dago gaur egun; hego-mendebaldeko zatia da handiena, 2.715 metrorekin, eta Beasaingo mugan dagoen CAF lantegitik, Zaldibiako mugan dagoen ORKLI lantegiraino luzatzen da. Bi mutur hauen artean, Oria ibaiaren ibarretik doan bidegorriak ibaiaren alde batean eta bestean dauden ibarrak lotzen ditu, tartean erdigunea, tren geltokia, kiroldegia, eta eraikin publiko nagusiak, baina ez dauka jarraipen edo loturarik bere muturretan. Bidegorri ardatzaren bidegurutze garrantzitsua da Tximista zubiko gunea, bertan bi adarretan banatzen baita.

Ipar-ekialdeko zatiak berriz, 1.277 metro ditu, eta Itsasondoko mugatik Tolosaraino luzatzen den bidegorriarekin lotuta dago. San Joan auzoan garatzen da nagusiki, baina ez dauka sarearen beste zatiarekin loturarik.

Tximistatik San Joan auzora

Jasotako dirulaguntza honi esker, Bizkaia pasealekuko bidegorri zatia egingo da, Tximistako zubitik, San Joan auzoraino, eta bi zubien artean dauden 540 metroko distantzia lotzerakoan, Ordiziako bidegorri sarea osatzen duten bi zatiak sare bakar eta jarraia osatuko dute, 4.532 metroko bidegorri sarea hain zuzen ere.

Adur Ezenarro alkatearen hitzetan, “Ordiziako bidegorri sarearen etenak gainditzea eta jarraikortasuna lortzea helburu estrategikoa da, eta horrela jasota dago 2030 Ekintza Planean 15.3 ekintza bezala. Horregatik, buelta asko eman dizkiogu Tximista eta San Joan zubien arteko loturari. Izan ere, hasiera batean Buztuntzako Oria ibaiaren ibarretik doan pasealekutik egitea aurreikusten bazen ere, auzoan egindako parte-hartze prozesuan bizilagunek pasealekuari ematen zioten balioa aintzat hartuta, eremua bere horretan auzoaren oinezko gune bezala mantentzea lehenetsi da. Horrela, beste ibarretik bidegorri lotura egin ote zitekeen aztertzen hasi ginen, eta ohartu ginen, askoz egokiagoa zela gainera.”

Lortutako NEXT diru-laguntzen inguruan aipatu duenez, “udal gobernutik esfortzu itzela egin da diru-laguntza hau lortzeko, edo irabazteko, ze azpimarratu nahi nuke, lehiaketa batean, alegia estatu osoko udalerrietako beste proiektu askorekin norgehiagokan irabazi dugula diru-laguntza hau, aurkeztu dugun proiektuaren kalitateagatik. Ez digu inork ezer oparitu. Eta dagoeneko lortzen dugun hirugarren NEXT laguntzaz ari gara. Guztira 4,5 miloi euro lortu ditugu Ordiziarentzat, eta ez da kasualitatez izan”.