Ordiziako Plazako eraikinak 100 urte beteko ditu 2025ean, eta urte bukaerara arte, hainbat eraberritze lan egingo dira bertan, Europako NEXT Generation dirulaguntza lerroaren bidez. Plaza eraberritzeko proiektu honek hainbat lan barnebiltzen ditu, hala nola: egitura eta azpiegiturak eraberritzea (argindar eta soinu ekipazio berriak, besteak beste) estalkiaren iragazgaiztasuna berritu eta gainaldean eguzki plakak jartzea, itxitura textil mugikorrak jartzea.

Dagoeneko hasita daude egitura berritzeko lanak, eta hilaren 23tik aurrera,  beste aldea estaliko da aldamioekin, eta plaza osorik itxi egingo da, segurtasuna bermatzeko. Hori dela eta, Ordiziako asteroko azoka lekuz aldatuko da datorren astetik aurrera, Garagartza plazara. Horretarako, karpa bat jarriko da bertan, eta posturik gehienak bertan egongo dira, hilaren 25etik aurrera.

Merkatuak eraberritzeko NEXT diru-laguntzen lerroan 874.122,40€ lortu dira, 1.092.653€ko inbertsioak (B.E.Z. barne) gauzatu ahal izateko, eta kopuru osoa estaltzeko %20a udalak jarriko bere baliabideetatik. 

Diru-laguntza horretatik, 731.762,74€ (BEZ barne) erabiliko dira plaza eraberritzeko. Lanok 3 lotetan banatu dira eta kopuru hauetan esleitu dira:

  • 1.LOTEA: Ordiziako plaza nagusiko eraikin estalia birgaitzea: 424.723,80 € gehi %21-eko BEZari dagozkion 89.192,00 €.
  • 2.LOTEA: Ehunezko babesak edo olanak instalatzea: 134.863,25 €, gehi %21-eko BEZari dagozkion 28.321,28 €.
  • 3.LOTEA. Panel fotovoltaikoak instalatzea: 45.184,64 €, gehi %21-eko BEZari dagozkion 9.488,77 €.

Epeei dagokionean berriz, lanak urte bukaerarako amaituta izatea aurreikusten da.

Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “plazako eraikinak monumentu historiko izendapena du eta lan hauek kontu handiz eta egitura aldatu gabe egin behar dira”. Hala, bai zutabeak eta bai sabaia konpondu eta bere onera ekarriko dira, beti ere, jatorrizko estiloa eta egitura mantenduz.

Sabaian, bestalde, eguzki plakak jarriko dira, energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Plaka horiek sortutako energia, herriguneko eraikin publikoak hornitzeko erabiliko da, hala nola udaletxea, Barrena jauregia, Jakes etxea edota D'Elikatuz zentroa.

Itxitura mugikor textilak

Bigarren berrikuntza handia, plaza eguralditik babesteko jarriko diren itxiturak izango dira. Ezenarroren arabera, “asteazkenero azokara etortzen diren ekoizleen urte askotako eskaria” izan dira itxitura horiek eta lan hauekin, “eskari horri erantzuna” emango zaio.

Itxiturak ez dira finkoak izango, oihal modukoak eta mugikorrak baizik. Goiko aldean, toldo tolesgarri moduko batzuk jarriko dira, plaza euritik eta eguzkitik babesteko. Behealdekoek, berriz, haizetik babestu eta itxitura funtzioa egingo dute.

Itxitura mugikor horiek, azoka egunetan erabiliko dira, eta baita, hala estimatzen den ekitaldietan ere.

Azkenik, plazako azpiegitura ere berrituko da, argiteria eta sistema elektrikoa eguneratuz, edota soinu ekipamendu berria jarrita. Horrez gain, wifi konexio librea ere jarriko da, azokara edo plazara datozenek doan erabili ahal izateko.

 

Next LOGOS color