DAGOENEKO LANEAN ARI DIRA ENPLEGU PLANAREN BITARTEZ KONTRATUTAKO ZORTZI LANGILEAK

2014-05-14 enplegua Peoi eta lorezain lanetarako bost langile kontratatu dira, eta hiru gizarte eta administrazio lanetarako

Dagoeneko lanean ari dira Ordiziako Udalak martxoaren hasieran martxan jarri zuen Enplegu planaren bitartez kontratatutako zortzi langileak. Mantentze eta lorezaintza lanetako bost langileak apirilaren 28an hasi ziren lanean, eta gizarte eta administrazio lanetarako hiru langileak joan den asteazkenean, maiatzaren 7an. Kaleko peoi eta lorezain lanetarako lanpostuen deialdia familia-kargak dituzten langabe helduen egoera aintzat hartuta egin zen. Administraritza lanetarako hiru lanpostuak, berriz, 30 urtez azpiko gazteak lan munduan txertatu eta lan eskarmentua hartzeko helburuarekin sortu dira.

Kaleko lanetarako bina peoi eta ofizial, lorezain peoi bat, udal inbentarioa eguneratzeari jarraipena egiteko delineatzaile bat, eta gizarte eta administrazio lanetarako bi administrari dira sortu diren lanpostuak. Lehen sei lanpostuak jardunaldi osokoak dira eta sei hilabeteko iraupena izango dute, eta azken biak lanaldi erdikoak dira, baina kontratua urtebetekoa da.

PEIO ETA LOREZAIN LANETARAKO 5 LANPOSTU
Lanpostuen ezaugarriak
-2 ofizial (6 hilabete lanaldi osoan). Kale lanak
-2 peoi (6 hilabete lanaldi osoan). Kale lanak
-Lorezain peoi bat (6 hilabete lanaldi osoan). Lorezain lanak

ADMINISTRAZIO LANAK. 3 LANPOSTU
Lanpostuen ezaugarriak
-Delineatzailea bat (6 hilabete lanaldi osoan). Egitekoa: Udal inbentarioaren jarraipena eta udal eraikinen planoen eguneratzea.
-Administrari bat (urtebete lanaldi erdian). Egitekoa: Denboraren Bankua martxan jartzea, eguneroko beharrizanetarako herritarren arteko trukeak ahalbidetzeko gunea. Elkartrukearen balorea ordua da. Trebetasun guztiek balore berdina edukiko dute, hau da, edozein gauzaren balioa da hori egiteko norberak eskaintzen duen denbora.
-Administrari bat (urtebete lanaldi erdian). Egitekoa: Administrazio orokorreko lanak.