2014-02-26 plenoa II. Berdintasun Plana eta Ordizia Hiri Hezitzailea Sarean sartzea onartuko du Udalbatzak

Ordiziako Udalbatzak bihar, hilak 27, egingo du otsailari dagokion osoko bilkura, 19:00etan. Zortzi puntuko gai zerrenda aztertuko dute, eta tartean bi nabarmentzen dira: Ordiziako Emakumeen eta Gizonezn Berdintasunerako II. Plana onartzea eta Ordizia Hiri Hezitzailea Sarean sartzea onartzea. EH Bilduk martxoaren 8ari buruzko prestatu duen adierazpena ere hizpide izango dute, eta baita Saharako bandera Ordiziako udaletxeko balkoian ipintzeko proposamena ere.

II. Berdintasun plana
2009an eman ziren lehen urratsak parekidetasunaren alorrean udalean, egoeraren diagnosia egin eta I. Berdintasun Plana martxan jartzearekin bat. 2012 egin zen plan horren ebaluazioa, bigarren planaren norabidea finkatu zuena. 2013an parte hartze prozesu bat abiatu zen estrategikoak diren hiru arloetako herriko eragileekin (Gazteria, Gizarte Zerbitzuak eta Hezkuntza) eta prozesu horretan mahaigaineratutako gogoetekin elikatu da bigarren plana. Horrek gidatuko du Udaleko Berdintasun politika datozen urteetan (2013-2016)

Hiri Hezitzailea proiektua
Ordizia Hiri Hezitzailea proiektuko lan-taldean oinarrituta, Gobernu Batzordeak bat egiten du Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartean (AICE) sartzeko eskaerarekin. Mugimendua 1990. urtean sortu zen, 22 herrialdetako 127 hiri baino gehiagok bat egin dute Hiri Hezitzaileen Gutuneko oinarriekin eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko proiektu eta ekintzetan lan egiteko helburuarekin elkartzen dira.

Aztergai zerrenda
1.- 2014ko urtarrilaren 30eko ohiko Osoko Bilkurako akta onartzea.
2.- EH-Bilduren martxoaren 8ko adierazpena.
3.- Saharako bandera Ordiziako Udaletxeko balkoian ipintzeko proposamena.
4.- Ordiziako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II.Plana onartzea.
5.- Kreditu transferentzi espedientea onartzea.
6.- 2013an krediturik gabe egindako gastuak 2014ko aurrekontuan sartzea.
7.- Ordizia Hiri Hezitzailea Sarean sartzea onartzea
8.- Norberak lekarkeena.